Skip to main content
Artikuluak

Zertan ari gara?

By 22 azaroa, 20114 azaroa, 2012No Comments

M. I. Uriarte

Orreagako kidea

Gero eta maizago entzuten ari gara gure artean, «erabakitzeko eskubidea» eta «estatus politiko berria» bezalako aldarrikapenak, lehenagotik entzuten ziren pluraltasuna eta transbertsalitatea hitzen ondoan. Badirudi autodeterminazio eskubidea ezkutatzeko edo mozorrotzeko ahalegin baten aurrean gaudela. Ez dira gauza berdinak, hala ere. Desberdintasun hori zertan datzan azaldu nahi dut.

Euskal Herria ez dela existitzen diote; existitzen ez den herri batek ez dauka inolako eskubiderik. Beraientzat, hemen dauden hiritartasun eta subiranotasun bakarrak espainiarra eta frantziarra dira. Badakite, hala ere, euskal hiritarra soilik izan nahi duen jendea badagoela. Eta horregatik erabiltzen dituzte gure artean, hemen bezainbeste inon erabiltzen ez diren pluraltasuna eta transbertsalitatea hitzak.

Herri bat existitzen da, botere bat duela erakusten duen artean; gureak askatasun gosea du, eta horrek, botere bat duela adierazten du.

Zergatik, beraz, askatasuna edo autodeterminazio eskubidearen ordez, erabakitzeko eskubidea eta estatus politiko berria bezalako terminoak hain maiz erabiltzea gure artean? Arerioak urtetan sartu digute buruan, gu «pluralak» garela eta «transbertsalitatea» behar dugula. Ondoren etorri zaizkigu haien belarriak goxatzeko besterik balio ez duten «erabakitzeko eskubidea» eta «estatus politiko berria». Baina gure herriaren existentzia bera ukatzen dute.

«Erabakitzeko eskubideak» —independentzia, beste aukera guztiekin parekatzen duenez— ahalbidetzen duena da dependentziaren aldeko erabakia ere hartu ahal izatea, hau da, askatasunik ez izatea. Herri bati datxekion edo berezkoa duen ezaugarri eta eskubide bakarra bere askatasuna da. Dependentzian dagoen herri bat ez da herria, nahiz eta beste ezaugarri batzuen jabe izan (ikus Pueblo y Poder liburua, 35. orrialdea, 16. oin-oharra).

Subiranotasuna lortu nahi duen herri bati ez dagokio «erabakitzeko eskubidea»; aldiz, autodeterminazio eskubidea, independentzia, dagokio.

«Estatus politiko berriari» buruz, ez du auzitan jartzen Espainiaren subiranotasun bakarra. Bake egoera batean bizikidetzarako itun berri bat besterik ez du planteatzen. Zeinen arteko bizikidetza baketsua, ordea? Zeintzuen artean hitzartu behar da itun hori? Gure herri izaera ukatzen dutenen eta gure artean? Baketsua al da inposizio eta okupazio egoera hau?

Beste «Estatus politiko berri» batzuk izan ditugu azken hamarkadetan, eta ez gaituzte askatasunera eraman. Azken trikimailu honek ere ez gaitu libreak egingo; autodeterminazio eskubidea ez diren beste asmakizun guztiak sabai berdina dute: espainiar/frantziar estatuen zati bat izatea, ez ordea gure estatu propioa berreskuratzea.

Goazen ba, gure buruak erabat «garbitu» nahian, espainiarrak sartu dizkiguten bi hitz horiek aztertzera. Transbertsalitatea, inon baino gehiagotan erabiltzen den hitza dugu. Dirudienez, desberdinen arteko akordioetara heltzeko modu bakarra dugu. Hemen, bi herri identitateen, bi nortasunen —bata menperatzailea eta beste menperatua— arteko gatazka politikoa dago eta «transbertsalitateak», alde bateko «beto» eskubidea besterik ez du ezkutatzen, menpekotasuna bere horretan mantendu nahi dutenen «beto» eskubidea.

Menperatzaileak eta menperatuak dauden herri batean, independentzia edo dependentzia ezin dira «transbertsalki» erabaki. Menperatzaileak nola onartuko du inoiz, indarrez menperatua daukan herriaren independentzia? Ezinezkoa da akordio «transbertsal» bat lortzea. Espainia, Frantziaren menpean zegoenean, espainiarrak askatasuna nahi zuten; ez ordea Espainian zeuden frantsesek. Eta Espainiak ez zuen akordio «transbertsal» bat, menperatzaileen beto eskubiderik, onartu. Nahikoa izan zuen espainiarren askatasun nahia, independentzia gerra bat egiteko.

Zergatik diote, orduan, independentzia nahi dugunok, nahi ez duenari inposatzen ari garenik?

Beste herri aske guztietan bezalaxe, gurean askatasuna daukagunean, «transbertsalitatea» ez da beharrezkoa izango; eta pluraltasuna hitzak, herri aske horietan duen zentzu berdina izango du.

Bertolt Brechten antzezlan batean, morroiak esaten zion ugazabari: «zu eta ni ez gara gu». Hemen ere, «zu» eta «ni» ez gara «gu». «Gu» hori, herri bat garela sinesten dugunok osatzen dugu. Gainontzekoak beste «gu» bat dira. Gaurko egoeran «morroiak» garenok ezin dugu «ugazaba» direnekin «gu» berdin bat izan eta «gu»re etorkizuna elkarrekin erabaki.

Naziotasun desberdinen arteko adostasunak, herri askeak direnen artean soilik lortu daitezke. Ez badira askeak, emaitza ez da adostasun bat, baizik eta «beto» bat, inposizio bat.

Hemen ezarri nahi den «transbertsalitatea», espainiartasuna onartzen duten eta ez dutenen arteko adostasun saio bat da, absurdo bat besterik ez da. Herri honetako sentsibilitate desberdinen bizikidetza bilatzen dute «transbertsalitatearen» bidez. Zer dira sentsibilitate desberdin horiek? Ez dira herri hau gorria edo urdina izan behar duela dioten iritzi desberdinak, baizik eta herri hau Euskal Herria dela edo Espainia dela diotenen sentsibilitateak.

Argi hitz egin dezagun: herri honi autodeterminazio eskubidea dagokio, berez. Herri aske batean, beste herri batzuen esku-sartzerik ez dagoen herrian, ez dago «transbertsalitatearen» beharrik, ez dago «erabakitzeko eskubidearen» beharrik, ez eta «estatus politiko berri» baten beharrik ere; ez hemen, ez Espainian, ez beste inon ere. Askea den herri batek, egoera demokratikoa dauka, herri horretako kide guztien artean onartutako gehiengoen eta gutxiengoen legea dago indarrean, Rousseauren «lehen konbentzioa», ez «transbertsalitatea».

Beraz, hori izan behar du gure lehenengo lana: herri bat garela erakustea. Batzuk diote nahikoak direla ezaugarri batzuk —historia, kultura, hizkuntza, lurraldea, eta abar— herri bat existitzen dela baieztatzeko. Ez dira, ordea, betebeharreko ezaugarriak. Ezinbestean betetzen dena da, botere nahikoa edukitzea: askatasuna nahi izatea. Herri batek ez badu botererik, inork ez du topo egiten berarekin, inork ez du kontuan hartzen, ez da herri bat, beste zerbait da eta desagertu egiten da.

Lehen esan bezala, herri batek berezkoa du askatasuna, autodeterminazio eskubidea. Hori adierazten duenean, eta modu kontsekuentean jokatzen duenean, boterea duela nabarmentzen ari da. Ez ordea, «pluraltasunaren» eta «transbertsalitearen» izenean, independentziaz gain, beste egoera batzuk onartzeko prest agertzen denean, «erabakitzeko eskubidearen» eta «estatus politiko berri» baten bidez. Inoiz ez gaituzte errespetatuko munduan herri gisa, beste baten menpe bizi gaitezkeela erakusten dugun artean.

Gu herri bat bagara, ez dugu auzitan jarri behar gure askatasuna. Askatasuna ez da erabakitzen den zerbait. Herri bat ez bada librea, bietako bat, edo ez du nahi herria izan, edo norbaitek ukatzen dio libre izatea. Herri bezala jokatzen dugunean, askatasuna lortzerakoan, izango dugu demokrazia gure artean; bitartean, ez.