Skip to main content
Artikuluak

Hizkuntza bat ez da galtzen…

By 10 abendua, 2012No Comments

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, inperialistek eurena inposatzen dutelako baizik.

Bai. Jose Anton Artzeren esaldi famatuak dioen bezala, dakitenek erabiliz gero, hizkuntza bat ez da galtzen. Ados, nahiko nabarmena da hori. Baina hain sinplea al da afera? Horrela esanda, iduri lezake euskara galduko bada euskaldunon nagikeriagatik baino ez dela izango. Askatasun osoz egiten dugun hizkuntz aukeraketa desegoki baten ondorio dela espainiera edo frantsesa nagusitzea gure artean. Eta ideia horrekin ez gatoz bat, ez gaude ados.

Euskara galtzeko zorian egotearen errudun nagusiak frantziar eta espainiar estatu inperialistak dira. Beste kontu bat da euskaldunok mendetan zehar erresistentzia ariketa etengabea bilakatu behar izan dugula gure egunerokoa, eta hor bai, hor oso era egokian gogorarazten digu Artzeren esaldiak zein den gure eginbeharra. Erresistitzea izan da gure patua, ez etsitzea, gureari eustea. Eta, egiari zor, gure arbasoek lan hori ondo egin zutela esan beharrean gara, oraindik bizirik baikaude, eta pairatutako erasoen tamainari so, ez da gutxi! Baina ezer ez da betiko, eta arazoaren muinari heldu ezean… gureak egin du.

Eta zein da arazoaren muina? Arazoa sinplea bezain gordina da: gurea herri okupatu bat da; independentzia aspaldi lapurtu ziguten gure auzoek, eta haien helburu bakarra gure ondare guztia likidatzea da. Gure hizkuntza, gure ohiturak, gure kultura… azken finean, gure herria bera likidatzea.

Urte garai honetan, ohitura denez, milaka euskaltzale joango gara Durangora gure hizkuntza eta gure kulturari arnasa pixka bat eman nahian. Lehen aipatu dugun erresistentzia horren adibide da erromesaldi bitxi hori. Kasik militantzia hutsez egiten den «esfortzua» askorentzat. Edo Artzeren esaldiak barnean dugun herri-kontzientzia ez zigortzeagatik egiten dugun autokonplazentzia ariketa ere bai, neurri batean. Gaizki-ulerturik ez sortzeko, ez diogu garrantzi apur bat ere kendu nahi lan horri guztiari, ukan baduelako, eta ez gutxi, gainera. Eta, ezinbesteko lana den neurrian, idatzi labur hau ere aprobetxatu nahi genuke lan horretan dabiltzan herritar guztiei gure esker ona adierazteko.

Baina lan horrek, esfortzu horrek, bere mugak ditu. Borondate on hutsean oinarritutako estrategia batek ez garamatza urrutira. Berandu baino lehen ahituko dira gure indarrak, hortik jarraituz gero. Lan horrek (gainontzekoek bezala) euskarri bat behar du, argi bat, norabidea zein den erakutsiko dion iparrorratz bat. Herri gisa, politikarako urratsa egin behar dugu, inperialismoaren atzaparretatik alde egin ahal izateko. Independentzia, estatu propioa berraktibatzea, ezinbestekoa dugu. Denok izan behar genuke presente, beti, ezinezkoa dela euskararen iraupena bermatzea estatu okupatzaileen sistema barnean. Ez da posible, euskara (eta gure herria) desagertzeko diseinaturik baitago sistema osoa.

Eta politikarako pausoa eman behar dugula diogunean, ez gara ari egunkari, irratsaio eta telebista tertulia guztiak betetzen dituen distrakzio-jolas horretaz. Ez, hori ez da politika. «Politika, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da. Beharrezko jarduera bat izateaz gain, helburu hori lortzeko bidean, jarduerarik lehentasunezkoena da».

Beti bezala, herriak du erabakia. Jarrai dezake beste hamarkada batzuk sasi-demokrazia eta parlamentutara jolasten. Jarrai genezake geure buruak engainatzen, independentzia gabe marko demokratikoak posible direla amesten. Jarrai genezake zapalkuntza marko honek eskainitako aukera apurrei probetxu atera nahian, baina ondorioz baita gure arteko zatiketa areagotzen ere, hori baita etsaiek diseinaturiko jolas-eremuaren helburuetariko bat. Baina, ilusioak ilusio, herria likidatzeko helburuak hor jarraituko du. Eta jolas maltzur horretan denborak gure aurka jokatzen du.