Skip to main content
Artikuluak

Begiratu, seme

By 22 apirila, 2013No Comments

IZASKUN URSOLA

ORREAGAKO KIDEA

Orain urte batzuk, Istanbulen, Santa Sofian geundela, Kanadako judu batekin hitz egiten hasi ginen. Nongoak ginen galdetu zigun, eta guk euskaldunak ginela erantzun. Aurpegia aldatu eta ilusioa antzeman genion begiradan. «Badakizue euskaraz hitz egiten?», galdetu zigun. «Baaai», guk. Bere semeari etortzeko esan zion, eta, mutikoa aurrean geneukala, gure artean euskaraz komentatu genuen: «A zer-nolako gauzak pasatzen zaizkigun». Momentu horretan, aitak semeari esan zion ingelesez: «Begiratu, seme; hizkuntza hau Europako jatorrizko hizkuntza da». Larruazaleko ile guztiak laztu zitzaizkigun.

Euskal Herrian, aparteko zerbait gertatzen da: Europa mendebaldean oraindik bizirik dagoen hizkuntza aurre-indoeuropar bakarraren lurraldean, europar kontinenteko goi paleolitoko aztarnategi garrantzitsuenetarikoak daude, eta munduko labar-pinturen kontzentrazio handiena eta garrantzitsuena. Berezitasun hori Kantabriak eta Akitaniak ere badute, populazio bertsua bizi baitzen lurralde horietan.

Betidanik euskaldunok ikerlarien intereseko herri bat izan gara, eta azken hamarkadan genetikako, arkeologiako eta linguistikako ikerketek bat egin dute goi paleolitoan gertatu ziren giza migrazioei buruzko teorietan.

Azken glaziazioaren une gorena orain dela 18.000 urte gertatu zen, eta 8.000 urte geroago bukatu zen. Orduan hasi zen gaur egun daukagun egoera klimatikoa. Ikertzaile gehienek ez dute dudarik: goi paleolitoko europar gehienak babesleku bila etorri ziren azken glaziazioan Pirinioen bi aldeetara. Garai haietan eremu polarrak Europaren zatirik handiena hartzen zuen, eta Euskal Herriko inguruak, Ukrainarekin batera, babesleku izan ziren. Bi eskualde horiek zeukaten bizitzeko klima hoberena europar kontinentean; Euskal Herriaren kasuan, Foehn efektua dela eta, besteak beste. Babesleku horietatik gizakia berriro ere Europan zehar zabaldu zen, ikerketa genetikoek adierazten dutenez.

Gaur egungo euskararen arbasoa zen Pirinioen bi aldeetako babeslekuan hitz egiten zen hizkuntza. Europa zaharrean hitz egiten zen hizkuntza taldeko bat zen. Gaur egun hitz egiten diren Europako beste hizkuntza guztiek ekialdean dute jatorria, hizkuntza indoeuroparren arbasoan. Hizkuntza indoeuroparren eragina horren handia izan zen, non Europako bertako beste hizkuntza gehienak desagertu baitziren eta indoeuroparra zabaldu. Euskara da Europa zaharrean hitz egiten ziren hizkuntza aurre-indoeuroparretatik bizirik dagoen bakarra Europako mendebaldean.

Hori horrela, edozein herri zoratzen egongo litzateke bere ondare historiko kulturala gainontzeko herrialdeei erakusteko. Guk, berriz, uko egiten diogu gure historiari. Lotsa sentitzen dugula ematen du, eta susmatzen dut horretan zerikusi handia duela Espainia eta Frantzia dena homogeneizatu behar horretan beti gure berezitasun historikoei aipua kentzen saiatu izanak. Euskal Herrian ez dago gure historia behar bezala azaltzen duen museorik. Gure eskoletan ere ez da azaltzen gure historia, guretariko irakasleren batek irakastera behartuta dagoen gaiak alde batera utzi eta bere borondatez gure benetako historia azaltzea erabakitzen ez badu. Zorionez, horrelako irakasleak badaude gurean. Baina, kasu horiek salbu, gure umeek ez dute ezagutzen gure historia. Eta guk? Guk ere ez.

Historiarik ez daukaten herriak ez dira existitzen, eta guk, historia zoragarria eduki arren, okupatzen gaituztenek existitu ez balitz bezala egiten dutenez, gure historia haien historia dela sinesten dugu, haiek nahi bezala. Zapalduta dagoen herri bat gara, eta hori horrela dela ikustea da aurrera egiteko lehen pausoa. Bigarren pausoa gurea baloratzea eta merezi duen lekuan jartzea da, berdin historia zein hizkuntza. Baina, gure herriaren iraupena bermatzeko gure estatua berreskuratzen ez dugun bitartean, desagertzeko bidea hartuta daukagu.

Hillel Halkinek hauxe esan zuen 2005eko otsailaren 10ean The Jerusalem Post-en, Intifada, spanish-style izenburuko artikulu interesgarri batean: «Euskaldunek hizkuntza bakar bat hitz egiten dute eta historia bakar bat dute. Gaur egungo teorien arabera, orain 40.000 urte Europan bizi zen lehenengo Homo Sapiens haren ondorengo zuzenak dira. Europako beste edozein herri, konparazioz, heldu berri bat da. Baina gaur egun euskaldun gehienek ez dute hitz egiten euskaraz. Euskal kultura eta folklorea galtzeko arriskuan daude. Euskal lurraldeak Espainiaren (eta Frantziaren) eranskin bat izateari ez badio uzten, baliteke guztiz desagertzea. Zein da salba ditzakeen formula bakarra? Euskal estatu bat, zeinak gobernu instituzio guztiak, burokrazia, hezkuntza sistema, komunikabideak bere zerbitzura jarriko dituen».

Kanpotik hori ikusten dute. Gu, barrutik ikusten ez dugun bitartean, denbora galtzen baino ez gara ari, eta denbora gure kontra daukagu. Ez gara herri handi bat, baina herri izaera sendoa daukagu. Horregatik diraugu oraindik bizirik. Hori pentsatzen dut nik behintzat. Bat egin beharra daukagu, eta bide bera hartu gure herriaren independentziaren alde horretan behintzat ados gaudenok.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-16/004/001/begiratu_seme.htm