Skip to main content
Artikuluak

Askatasunaren lehentasuna

By 4 ekaina, 2013No Comments

MIKEL ANTZA ETXEGOIEN

ORREAGAKO KIDEA

Herri eta egonkortasun akordio» bat lortzeko proposamena egin die Iñigo Urkulluk, berriki, PSE eta PPri, EH Bildurekin eta UPDrekin ezin dela ados jarri argudiatuta.

Koalizio bat osatzeko prestutasunik eza aurpegiratu dio EH Bilduri, eta «EAJk babesten duen eredu sozial eta ekonomikoa erabat ezberdina dela». UPDrengandik, aldiz, gehien bereizten duena autogobernu eredua da. Autogobernuaren aurkako jarrera «argia eta gardena» duelako baztertu du.

Gaurko egitura administratibo zatikatua eta horri dagozkion erakundeak Espainiak diseinatu ditu, indarrez; baina gero eta barneratuagoak ditugu gure imaginario eta erreferentzietan. Herria bere osotasunean gero eta galduagoa dugu gure garunean. Urkullu herri horretan etsaiak marraztutako zati batean soilik da «lehendakari», Espainiaren baimenarekin, noski. Beraz, ez da ari herri oso baten akordio baten bila, Espainiako komunitate bateko akordio baten bila baizik.

Ez luke zati horretarako akordio bat bilatu behar, herri osoaren independentziarako estrategia marraztu behar luke. Baina berak kudeatzen duen erakunde horretatik ezinezkoa da hori; etsaiak baimentzen duen kudeaketa horretan guztiz debekatua dago gure herriaren osotasuna eta askatasuna.

Kuriosoa da, bestalde, nori egin dien akordio proposamen hori: gure herria fragmentatua eta zapaldua mantendu nahi dutenei, hain zuzen ere. Erantzunak azkar heldu zaizkio:

«Herri mailako akordioak bai, baina ez «helburu subiranistak» dituztenak», erantzun diote PS(O)Ekoek. Autodeterminazioaren eta subiranotasunaren bidean ez ibiltzeko exijitzen diote.

«Independentzia eta Espainiarekiko «epekako haustura» alde batera uztea» ezinbesteko baldintza dela erantzun diote PPkoek.

Arerioak, herri honen kohesioa dute ahotan uneoro, baina ez dira ari herri libre eta oso baten kohesioaz. Espainiaren menpean dagoen gizarte baten kohesioaz ari dira. Euskal Herriaren fragmentazioa nola edo hala mantendu nahi dute. Espainiako estatu auzi bat da hori; baliabide guztiak erabiliko dituzte horretarako.

Pako Aristiri bere hitzaldi batean entzun nion: «Independentziak gure arteko fragmentazioa dakarrela dio etsaiak, baina gure herriaren benetako fragmentazioa konkista eta ondorengo okupazioak eragin eta mantentzen du bere horretan. Independentziak soilik ekarriko digu berriro osotasuna».

Hala ere, Urkulluk fragmentazioa egonkortzea bilatu du bidelagunak aukeratu dituenean. Egonkortasunak une bateko egoera bere horretan irautea bilatzen du beti; ez hala, ezegonkortasunak, ezinegonak, deserosotasunak. Hori da fragmentazio egoera batean sentitu beharko lukeena, eta egoera hori desegonkortu.

Gaurko zatiketa eta okupazio egoera egonkortzea eta iraunaraztea etsaiak bakarrik izan behar luke helburutzat; ez, noski, euskal herritar batek. Honek irauli egin beharko luke egoera hori, benetan min egiten badio, egiazki bere herriaren independentzia lortu nahi badu.

Bestalde, EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, lehendakariak bide horren aldeko apustua egin du EAJk, PSEk eta PPk eredu sozioekonomiko berbera defenditzen dutelako, eta jakin badakielako PSEren eta PPren eskutik ez dela «sakoneko aldaketarik» bultzatuko. «Lehendakariak krisialdi honetara ekarri gaituzten politiken inguruan sortu nahi ditu gehiengoak, eta horregatik uzten du albora EH Bildu.

Oskar Matutek esan du «eredu sozioekonomiko zaharkitu» bat bere oinarrian duen akordio eskaintza horretatik ondoriozta daitekeela, baita Urkulluk subiranotasunari uko egin diola ere.

Inork ez al dio herri honetan lehentasun estrategikoa eman behar independentziari, askatasunari? Noiz arte arazo sozial eta nazionalaren arteko bereizketa? Arazo nazionala arazo soziala da; ez hori bakarrik, lehenengo arazo soziala da estrategikoki beste arazo guztiak konpontzeko beharrezko baldintza. Herri bat menperatua dagoenean egin behar den bereizketa bakarra da menperatzaileen eta menperatuen artekoa, ez eredu sozioekonomiko ezberdina dutenen artekoa. Lagunak menperatuen artean aurkitu behar dira, ez menperatzaileen «ezkertiar» edo «eskuindarren» artean. Guk edozein arazo konpondu nahi badugu, beti aurkitzen dugu arazo nazionalaren horma.

Japoniak Txina inbaditua zuenean, armada han zegoelarik, Maok oso garbi zuen bereizketaren marra non zegoen: Txinaren independentziaren alde zeudenek elkarturik aritu behar zutela zioen, ezkertiarrak zein burgesia; independentzia lortu artean, Txinako burgesiarekin bat egitearen aurka zeudenak etsairik handienak zirela.

Herri honetan beti dauka garrantzi handiagoa akzidentala denak substantzia denak baino, beti da inportanteagoa adjektiboa, izena baino; ez bazara existitzen, ordea, ez bazara independentea, ezin da ezer lortu.

Hemen batzuek nahiago dute inperialistekin bat egin, eredu sozioekonomiko bera dutelakoan, eta besteek krisi ekonomikotik ateratzeko beharrezkoak diren «sakoneko aldaketak» lehenesten dituzte, independentzia aipatu gabe, «eredu sozioekonomiko zaharkitu» bat aipatuz lehenik, eta, ondoren, Urkulluk subiranotasunari uko egin izana.

Euskal Herriaren askatasuna nahi dutenen indarra egoki kudeatuko duen lidergo berri bat behar dugu. Askatasunik ez duen herri bateko lidergoak eredu sozioekonomikoari lehentasuna emateak indar zatiketa dakar, eta horrek etsaiari egiten dio mesede, ez ordea herri zapalduari. Arerioak, gure independentziaz ari denean, oso garbi dauka bere jokaera: osotasun batean aritzen dira ezker-eskuina, espainiarrak dira beste ezer baino lehenago.

Guk gure herriaren askatasuna lortu eta egonkortu behar dugu; helburu hori dutenen indar guztiak batu behar ditugu. Horretarako, independentzia estrategikoki lehenetsi behar dugu, Euskal Herriaren edozein eredu ekonomiko edo kultural lortzeko albora ezina delako. Oso miresgarria da eta guztiz beharrezkoa jende asko, bakoitza bere arloan, egiten ari den lana, baina ez da nahikoa; politika ere egin behar da, beharrezkoa baita gure herria askatzeko, baita beste lan horiei zentzua emateko ere.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-05-31/010/001/askatasunaren_lehentasuna.htm