Skip to main content
Artikuluak

Ilusioak

By 17 ekaina, 201318 ekaina, 2013No Comments

MAIXA URIARTE

ORREAGAKO KIDEA

II. mundu gerran, kontzentrazio esparru batean preso zegoen gizon batek, amets bat izan zuen. Amets horretan, bere askatasuna irudikatu zuen, eta horrek kontzentrazio esparruko egoera larriaren aurrean tinko irauten laguntzen zion. Berarekin batera preso zegoen medikuak, adi eta harrituta jarraitzen zion gizon horren eboluzioari. Horrelako egoera larrian egonik ere, amets hori zela eta borrokatzeko ateratzen zituen indarra eta kemenari erreparatzen zion. Egindako ametsa zen bizidunen munduan iraunarazteko gizon horren euskarria. Baina, amestutako egunera gerturatu ahala, pertsona horren osasun egoera okertzen hasi zen, eta, egun seinalatua igaro bezain laster, heriotza iritsi zitzaion.

Pertsonaren osotasun biopsikosoziala irudikatzen duen pasarte horrek zenbait irakasgai ematen dizkigu. Victor E. Frankl psikiatra juduak, Man’s Search for Meaning (Gizona bizitzeko zentzuaren bila) izeneko liburuan, juduek bizitzako egoera muturreko horiek deskribatuz, pertsonok bizirik irauteko erabiltzen ditugun «armen» inguruko hausnarketa egiten digu.

Bizitza oztopoz betetako bidea da, eta, oztopoen aurka gogoz borrokatzeko, indar mentala oinarrizkoa da. Zentzua ematen dio norberak bere bizitzari, euskarriak bilatzen ditu, bizitzaren sua bizirik gordetzeko. Oztopoak gainditzeko gai dela eta bizitzeko aukera duela irudikatu egin behar du pertsonak, sinistu egin behar du.

Noski, gauza bera esango genuke herri baten kasuan ere. Herriak eta pertsonak, elkarrengandik bereizezinak, bizitzeko aukera dutela pentsatu ezean, heriotza iritsiko zaie. Muturreko egoerak, gainera, ez dira salbuespenak; preso zegoen juduaren kasuan bezala, preso dagoen herriaren bi aukerak muturrekoak dira: heriotza ala bizitza. Independentzia ala hil. Ez dago beste aukerarik. Hortaz, bizi nahi badugu, bizitzeko ilusioa izan behar dugu, geure herriaren independentzia lortzeko gai garela ikusi behar dugu.

Baina, pertsonari/herriari ilusioekin argi ibiltzea komeni zaio. Ilusioak ezin dira ezerezetik atera. Amets batean oinarritutako ilusioek, ez gaituzte ametsa gauzatzera eramango hori betetzeko errealak diren baliabideak eta baldintzak jartzen ez baditugu. Helburuak lortzeko indarra, asmakizunak diren ilusioetan oinarritzen denean, goizago ala geroago ezinbestean iritsiko den desilusioak pertsona/herria heriotzara eraman dezake. Egoera paliatiboan, pixka bat gehiago irauteko balioko dio, baina heriotza iritsiko zaio, ez da biziko.

Garrantzi handia du, beraz, hil ala bizikoak diren oztopoen aurrean, pertsonak/herriak ilusio errealen eta asmatutako ilusioen arteko bereizketa egitea. Bereizketa hori egiteko, berriz, iraganeko esperientziei begiratzea ezinbestekoa da. Porrotera zerk eraman gaituen eta zertan asmatu dugun sakonki aztertzean, aurrera ekiteko erabili beharreko baliabideen inguruko zantzu bat izango dugu. Iraganeko geure porrotak aztertzen dituen edonor ohartu liteke berriro ere inora eramango ez gaituen (edo atzera eramango gaituen) bide baten atarian gaudela; erabakitzeko eskubidearen inguruan sortzen ari den asmatutako ilusioaren aurrean, hain zuzen ere. Pentsa liteke, nolabait, bide horiek diseinatzen dituztenek, herri hau zainketa aringarriak behar dituen gaixotzat dutela, eta ondo eta pozik hiltzeko ilusioak eman nahi dizkiotela.

Baina, errealitatea bestelakoa da. Badaude arrazoiak herri hau bizi daitekeela pentsatzeko, eta horren aldeko ilusio errealak behar ditugu. Oinak lurrean, analisi zehatza eginaz, indarrak ongi neurtuz eta ilusio faltsurik gabe bakarrik egingo dugu aurrera. Garbi izanik, aukera bakarra dugula: independentzia. Monzonek esan zuen bezala, «izan ala ez izan, bizi ala hil, horra zertan den gure herria».

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-06-15/006/001/ilusioak.htm