Skip to main content
Artikuluak

Zelula erresistenteak

By 15 uztaila, 2014No Comments

Iñaki Fernandez eta J. Rafael Recio – Orreagako kideak

Non daude herri honen zelula erresistenteak? Herri bat gara erresistitzen dugulako, eta erresistitzeari uzten dion herriak herri izateari uzten dio.

Erresistentziaz asko daki Joseba Ariznabarretak, eta behin gisa honetako zerbait esaten entzun genuen: «Estatuaren osagaiak, nazioarteko zuzenbidean, lurraldea, herria eta gobernua dira».

Lurraldeari dagokionez, atzerapausoak nabarmenak dira begirale objektiboarentzat, horrelakorik badago. Inperialismoaren nahierara moldatutako zatiketa administratiboak geure-geureak eginik, barne-mugak ezartzen dizkiogu geure herriari, eta geure buruari errepikatzen diogu, behin eta berriro, ekialdeak eta mendebaldeak, iparraldeak eta hegoaldeak, bakoitzak bere bidea egin behar duela, kontuan hartu gabe ez dagoela berezko biderik osotasun baten zati ez diren artean. Jarrera inozoa baino zerbait gehiago da iparraldeak, adibidez, kolonizazio-prozesuaren azken fasera iritsita dagoela ikusi arren, bere kabuz frantziar inperialismoari aurre egiteko gai izan behar duela esaten zaigunean.

Balekoa eman diogu, itxura denez, bizkarrezurrik gabeko gorputz-atalen funtzionaltasuna gordetzeari.

Ez dago esan beharrik barne-zatiketa horien sustatzaileen diskurtsoa kontraesanez beterik agertzen zaigula bere eraginkortasuna aldarrikatzean.

Batetik, independentziaren helburua lortzea oso urrun ikusten dute, baina, era berean, eta hurrengo esaldian, Nafarroako mendebala independentzia lortzeko zorian balego bezala mintzatzen zaizkigu, inperialismoak bere interesetarako eraiki duen aparatu instituzionalaren lotsagabeko apologia eginez azaletik eta mamitik.

Bigarren ezaugarritzat jende multzoa harturik, gure kasuan herria dena, Joxe Manuel Odriozolak ahoan bilorik gabeko azterketa ekarri zigun duela gutxi egunkari honetara: «[…] Etnozidioaren politikak ez du bakarrik konkistatzen, kolonizatzen, zapaltzen eta jazartzen. Hori egiteaz gainera, jatorrian zegoen arazoaren gatazka-iturri harekiko erreakzio-gaitasuna desagerrarazi egiten du. Iraungiarazi. Jakina, ez da fenomeno natural bat. Ez da berezko iraungitze bat. Gaur, esaterako, bretoi gehien-gehienak bretoi izan eta hala sentitu ordez frantses sentitzea ez da gertakari naturala. Euskaldun anitz frantses edo espainiar sentitzea ez den bezala».

Denborak ez du gure alde egiten. Inperialismo etnozidaren makinak bere suntsipen-lanetan ez du atsedenaldirik hartzen. Esentzialismoa, etnizismoa eta auskalo zer gehiago leporatuko dizkiote Joxe Manueli zinismoaren bidetik aspaldian abiatu zirenek, naziorik gabeko independentismoarekin amets egiten dutenek eta une honetan ditxosozko gatazka autonomi-erkidego batean bizi den historiarik gabeko jendartearen aldarrikapenera mugatzen duten gazta-banatzaileek.

Balekotzat eman da inperialismoa ez dela inperialismoa eta Espainia eta Frantziaren helburua —gu desagerraraztea— Euskal Herriaren askatasuna bezain zilegizkoa dela; horra hor sentsibilitate ezberdinen teoria.

Arazo nazionala desagerrarazi, arazo nazionala ukatuz. Herriak demokrazia eskatu behar omen du, demokraziak ekarriko digulako independentzia. Bukatu da. Zertarako behar du herri batek independentzia, independentziarik gabe hizkuntzaren normalizazioa, adierazpen-askatasuna, hezkuntza-sistema propioa, erabakitzeko eskubidea, bakea, autogobernua, euskal polizia eta kirol-selekzioak… gehiengo eta gutxiengoen aritmetikaren bitartez eskuragarri gertatzen badira? Baina gauza jakina da azkenean arazo nazionala behin eta berriro azaltzen dela, demokrazia eta zapalkuntza nazionala ez direlako izango sekula bateragarriak.

Eta, azkenik, gobernuaren arazoa dugu. Eta gobernuaren arazoa estrategiaren arazoa dela uste dugu. Bat eta bera. Inperialismoaren garaipen politikoa guk sortutako instituzioen suntsipena da. Euskal herriaren aurkako estrategia, horrela, berezko instituzioak nazio zapaltzaileen mesederako sortutako instituzioekin ordezkatzea da.

Alde horretatik, estrategia ez da magia moduko bat. Estrategia gaur eta hemen zertan den Kepa Anabitartek argitzen digu: «Erabakimena haien instituzioetatik gure instituzioetara ekartzea da estrategia».

Nahasmendua hedatzen da geure buruarekin tranpa egiten hasten garenean eta, gure instituzioak berreraikitzeko ahaleginean asmatzea zaila gertatzen zaigunez, inperialismoaren instituzioak gure instituzioak direla autokonbentzituta, ezinezkoa bilakatzen dugunean euskal estrategia bat. Helburu estrategikorik gabeko estrategia nekez jar daiteke martxan, eta ezerezean aurkituko gaitu irakurleak, korapiloa askatu beharrean ihesbideari plangintza itxura eman nahian.

Lurraldearen, herriaren eta gobernuaren egoeraren inguruan alarma gorri guztiak pizturik daudela ohartarazten diguten ahots hauek guztiek osatzen dituzte hasieran aipatutako zelula erresistenteak edo, agian, eta hori da gure itxaropena, zelula erresistente askoren iritzi publikatua.

Lerro hauen sinatzaileok sinistuta gaude herri honek, oraingoz bederen, azken hitza ez duela eman, eta sasiak garbiturik, egiari lekua eginez eta errealismo politikora itzulirik berriro ere bide zuzena aurkitzeko talenturik eta gogorik ez zaiola faltako.