Skip to main content
Ekitaldiak

MUNICH 1962 ISILDU EGIA Iruñean

By 6 urria, 2014No Comments

unnamed (1)
Munich 1962, hitzen jokoan beste behin eroriak.
Gaurdaino irisi den espainiar egitura zapaltzaile mozorrotua diseinatu zen Munichen eta euskaldunak, hitzetan galduak, zurrunbilo horretan eroriak, preso jarraitzen dugu.

Gure Herriaren arazo nazionala 1200. urtean hasi zen; 1520. eta ondorengo urteetan izan zuen jarraipena; Frankismoa ez da pasarte bat besterik izan gure herriaren zapalkuntzaren historian.

Municheko Paktuak Espainiaren unitarismoa onartzea suposatu zuen eta Gernikako Akordioak proposatzen duena da, gure herriaren kolonizazio egoera onartzen dutenekin adostasun bat lortzea eta adostasun hori Espainiak baimentzea.

Bideo honetan agertzen dena ez da pasarte historiko soil bat. Gure lana ez da horretara bideratua egon. Lan honekin azpimarratu nahi izan duguna da herri honen dependentzia mende askotako kontu bat dela, eta egoera berdinean jarraitzeko zantzu garbiak ikusten ditugula gaur egun.

Joxe Antonio Agirrek gidaturiko gobernua izan zen, eremu txiki batean eta epe laburrez izan bazen ere, dependentzia hori hautsi zuen erakundea.

Municheko Paktua, independentzia hori baieztatzeko, ziurtatzeko eta bermatzeko une egokia izan zen Franco desagertu zenean.

Politikan ezin zaie inoiz uko egin lortutako garaipenei. Gobernu hura mantentzea ezinbesteko baldintza bat zen gu izaten jarraitzeko. Baina dokumentu hura sinatu zutenek, lortutakoari uko egin zioten eta gure herria Espainiaren barnean urtu zuten, borondatez oraingo honetan; Euskal Herriaren gaurko egoera erabaki haren ondorio zuzena da.

Hala ere, historian zehar egindako akatsetatik ikasi beharra dago, eta benetan ohartarazi nahi duguna zera da: 2010eko Gernikako Akordioa, Municheko Paktuaren jarraipen hutsa dela; ez duela hausten Espainiarekiko loturarik, eta menperatzailearekin akordioak lortzea proposatzen duela.

Gure herria, menpekotasun egoera luzatuko duen bidea jarraitzeko arrisku bizian dago. Hori da, batez ere, bideo honen emanaldi eta hitzaldien bidez zabaldu nahi duguna.

Bidea ez da gure independentzia, herri gisa ukatzen gaituztenekin adostea Espainiako sasi demokrazia baten barnean. Gure independentzia ez da etorriko Espainiarekin. Espainiaren kontra egin behar da bide hori.

“Erabakitzeko eskubidea” deiturikoa ez da independentziarako urrats bat. Azken asmakizun horrek independentzia dependentziaren pare kokatzen du, eta guk ez dugu inoiz Espainiarekiko dependentziarik erabaki; ezin zaio dependentziari aukera txikienik eman.

Independentzia ez da herri batentzako “aukeratu” daitekeen zerbait. Herri bat ezin daiteke beste baten menpe bizi. Menpekotasunean, ez dago herririk, beste zerbait baizik.

Herri bati, bere independentzia indarrez kendu zaionean, ez dago ezer erabaki beharrik. Independentzia hori berrezarri egin behar da. Ez dago beste aukerarik.

Eta horretarako gure erakunde nazionala sortu behar dugu. Menperatzen gaituztenekin eta menperatzaileak baimendutako erakundeekin zer ikusirik izango ez duen erakunde propio bat.

Ez dago demokraziarik herri batek bere independentzia lortu aurretik. Demokrazia egoera batean ezinezkoa da herri bat zapaldua egotea. Ezin zaio demokrazia deitu herri bat zapaltzen duen sistema bati. Horregatik da lehenengo independentzia eta ondoren demokrazia.

Horregatik da independentzia demokraziaren abiapuntua. Independentzia ez da bozkatzen.