Skip to main content
Elkarrizketak

Ane Ablanedo: Ikastearena bainoago, gureak desikaste prozesu bat behar du izan

By 29 azaroa, 2016No Comments

Ane Ablanedoren (Iruñea, 1973) eleak biltzeko plazera ukan du Gureberriak guneak; izan ere, arras manera trebean daki ideiak hitzetan lerrokatzen. Heldu den abenduaren 13, 14 eta 15ean UEUk eta Orreagak Donostian antolatu jardunaldietako antolatzaileetarik bat denez, baliatu gara horri buruzko xehetasunen biltzeko, eta, bide batez, haren barne ibilbide ideologikoaren argitara ekartzeko. Koldo Mitxelenan gertatuko diren jardunaldiek badute munta handia: euskal zientzia politikoen lehen eskolaren kimua izan nahi baitute.

Zein izan da zure ibilbide ideologikoa?

Suertea izan nuen oso gazte ezagutu izana gerora ere oso erabakigarria izan zaidan lagun bat: Benito. Oso gogoan dut askatasunari buruz usu mintzatzen zitzaidala; askatasuna gora, askatasuna behera. Eta gogoratzen naiz Ane neska gaztetxo horrek ez ziola hasieran biziki ongi ulertzen, baina barnean zirrara berezia sortzen zidan askatasunarekiko grina horrek. “Askatasuna nola lortu?” ene galderaren aurrean beti ematen zidan erantzuna egiten zitzaidan bereziki iradokitzaile: “Nik esaten badizut ez da askatasuna izanen, zuk bilatu behar duzu”. Maila politikoari zegokionez ere, hasieratik beretik eman zidan herri mailako diskurtso edo jarrera oso interesgarri baten berri: abstentzioaren beharra, herri hau ez zela politikoki ongi kokatua… Hasieran ez nintzen gai horra lerratzeko, bozkatzeari uztearekin zerbait galtzen zela iruditzen zitzaidalako. Funtsean, betikoa, baina momentu batean, prozesu baten ondorioz, heldutasun psikologikoa erdiestearekin batera-edo, ene ustez, pentsatzen dut prest izan nintzela askatasunaren diskurtso hau onartzeko. Behar baitu honek lur egokia aurkitu, ikusirik horren ezgai garela askatasunerako, horren ezgai egiten gaituztela sistemak eta inperialismoak berak, eta behar duzula lan pertsonala egin askatasuna zugan pausa ahal izan dadin. Bestela, bilatuko dituzu mila arrazoi hori ez onartzeko, azken buruan aitzakiak baizik ez direnak, barneko erresistentziak… Horrela, poliki-poliki, halako batean, klask! egin zidan buruak, pieza guztiak ongi kokatu ziren, argitasuna egin zen nire nahasmenean. Desikaste prozesu horretan, iritsi zen une bat non dena bere tokian ezarria izan zen. Emantzipatu egin nintzen, nolabait erran. Ordura arte, mentalki bai, ulertu egiten nuen,baina barnean… Agian, nire estrukturak edo pertsonalitateak ez zidan uzten, ez dakit. Duela 10 bat urte hasi nintzen serioski engaiatzen.

Ordura arte, zeure burua abertzaletzat zeneukan?

Bai, noski. Nazionalki euskalduna izatearen kontzientzia oso ttipitatik ukan dut. Betidanikoa dut herriarekiko kezka, min handia eman izan izan dit herriak eta haren egoerak. Garbi gogoan ditut eszena adierazgarri batzuk. Oso neska ttipia nintzela, jendeak, zirikatu nahirik-edo, “espainola zara” erraten zidan, bai baitzekien asaldatu egiten nintzela eta “ez naizela espainola!, baizik eta euskalduna!” erantzuten nuela beti. Noski, barre egiten zuten, hain ttipi izanik zein argi nuen ikusita… Edo, erdi nerabe nintzeneko garaian, gau askotan kezka batekin oheratzen nintzela zer egin nezakeen ikastolako ene lagunak euskaraz mintza zitezela lortzeko, estrategia baten bila bezala. Hala, kezka, betidanik.

Gero, diskurtso hau ezagutzen ez baduzu eta inork ez badizkizu begiak irekitzen, segitzen duzu abertzaleen bide klasikotik, ohartzen zaren arte ez zarela ongi kokatua. Horregatik, orain oso argi dut ez dela aski abertzale izatea, hori oinarrizko baldintza izanik ere. Politikoki behar dugu jantzi; bestela, bihotzean euskaldun izanik ere, aritzen ahal zara frantses eta espainolen mesedetan… Bestalde, beti kezkatu nau psikologia mailan mendekotasunerako jendearen joerak, zenbateraino baldintzatzen dituen sistemak heziketaren bitartez haurrak-eta. Helburua beti da ez gaitezen izan aske; gizakia askatasunerako ezgai bilakaraztea.

Ororen buru, nire bi bideek bat egiten dute puntu horretan: askatasunerako gizaki eta herri batzuek duten ezintasuna aztertzen dut, ezintasuna gainditzea nondik hel daitekeen ikasteko.

Zure ibilbide pertsonalaz ari zara, baina horrekin aski ez, eta behar da mugimendu kolektiboa, ez dea hala?

Noski. Guri kontrakoa sinetarazten saiatzen badira ere, herria, kolektibitatea eta norbanakoa ez dira bereizten ahal. Kolektibitatea jende emantzipatu eta askeek osatu behar dute, baina norbanakoaren askatasunak herri eta kolektibitate askea du baldintza, indibiduo bezala osoki garatuko bada. Herria aske ez bada, zu ere ezin zara aske izan. Herria ez da norbanakoengandik at uler daitekeen abstrakzio bat. Funtsean, zu zara herria. Horrenbestez, herria zanpatua den neurrian, zu ere hala zara, herria eta pertsona gauza bera baitira. Psikologikoki ere sekulako eragina du herri menderatu bateko kide izateak. Herri menderatuotako biztanleok menderatuaren nolabaiteko sindromeak jota gaude; gogoeta lan bat egin ezean, halako zara… Mende luzeetan beti bigarren mailako izate horrek efektu bat du halabeharrez herriaren kontzientzian eta psikologian. Herria eta norbanakoa batera doazela ukaezina da. Taldean hazten da, gainera, gure espeziea, kultura baten baitan sortzen garenetik beretik.

Kultura, eta, gure kasuan, eskizofrenia ederra, ez?

Horixe ba, noski. Iruditzen zait gure herriaren psikologia oso mediokrea dela. Beno, Mendebaldeko gizartearen perfil psikologikoa da zinez mediokrea, gizakiarena oro har. Baina gurea bezalako herri menderatuan eragina bikoitza da.

Herriaren eta gizartearen arteko ezberdintasuna non da? Zein da herriaren definizioa?

Gizartea eta herria ez dira horren desberdinak menderatua ez denean. Herri batek bere estatua duenean, estatu horrek bere populuak osatzen duen talde horri deitzen ahal dio gizartea, ziudadania, hiritartasuna edo hiritargoa. Baina gurea bezalako egoeran, gizartearen kontzeptua erabiltzen da modu interesatu batean, euskal herriaren existentzia bera ukatzeko, gure gatazka ukatzeko. Zeren eta gure lurraldean ez baita gure herria bakarrik bizi: euskaldunez gain, espainolak eta frantsesak bizi baitira. Bada hiruren arteko nahasketa horri esaten diote gizartea… Herria, aldiz, beste gauza bat da. Nahasgarria gerta daitekeelako, herri kontzeptuaren definizioan sartu gabe, erran behar da herria osatzen dutela beren burua nazionalki herri horretako kide bezala identifikatzen dutenek. Euskal Herria nazio bat eta estatu bat izanik —okupatua—, herria osatuko du bere naziotzat Euskal Herria duen orok. Nor da espainola? Aski da galdetzea “zu espainola zara?”. “Bai”, ba, espainola izanen da, ez euskalduna. Kito. Herria da elkar identifikatzen eta errekonozitzen duen komunitate bat.

Zure euskalduntasuna Euskal Herri osoan garraiatzen duzu egunerokoan: NUPen irakasten duzu, Baionako fakultatean, UEUko kide ere bazara…

Aberastasuna ematen dit horrek, beti nire lurrean-herrian aritu arren, aukera eskaintzen baitit harat eta honat ibili beharrak menderakuntzak toki bakoitzean hartzen dituen ñabardurez garbiki ohartzeko. Inposatu diguten muga horretatik alde batera espainoltasunaren kolorea hartzen du menderakuntzak eta asimilazioak, eta beste aldera, frantsesarena. Ni ene herrian sentitzen naiz beti, bistan dena. Etxean sentitzen naiz bai Iruñean, bai Baionan. Baina egia da, Baionan naizelarik, frantsesez ez bainaiz espainolez bezain ongi mintzatzen, nabarmenagoa edo agerikoagoa zaidala euskaldun izateagatik egokitu zaigun “bigarren mailako” izan behar hori, nolabait erran. Errazago jartzen ahal naiz garai bateko euskal elebakarren azalean; menderatzailearen hizkuntzan bikain ez moldatzeak ekarri ohi dizkien arazoak hobeki esperimentatzen ahal ditut Baionan, Iruñean naizenean baino. Ez dut, dena dela, modu eskizofrenikoan bizi. Nire herrian lan egiten dut nik.

Zure desikaste prozesuaren ondorioa da.

Bai, jakina. Ikastearena bainoago, gureak desikaste prozesu bat behar du izan. Betaurreko egokiekin behar diogu geure errealitatearibegiratu eta izendatu. Geure betaurrekoak, beti garbi eta egoki jantzita. Neurri batean ezkorra naiz, ez baitut ikusten herria ongi kokatua, klask! egiteko jarrera aproposean. Errealista naiz. Baina diskurtso hau askatzaile izan da nire baitan, eta, horregatik bakarrik bada ere, merezi du. Barnetik aske naiz, eta, nahiz eta Espainia eta Frantziaren legeak derrigorrez eta bortxaz bete behar ditudan, eta zentzu horretan menderatua ere banaizen, bistan dena, kontzientzia hori askatzailea da. Barnetik menderakaitza izate horretan datza gakoetako bat.

Ororen buru, identifikatzen baitut menderatzailea eta bai baitakit nor den ene laguna eta nor ez, horrek dit sekulako askatasuna ematen. Ez naiz gaizki bizi zentzu horretan.

1618585_1012443792099887_3810109363382832843_n

Orreaga taldeak eta UEUk antolatu Politikaldia nazio estrategian, Donostian, abenduaren 13, 14 eta 15an aurkez dezakezu?

Euskal Herriak ez du hezkuntza sistema propiorik, ez eta, beraz, euskal unibertsitaterik ere. Geure gazteak hemen daude, baina atzerriko interes batzuen zerbitzura ezarriak diren unibertsitateetan formatzen dira; estatu menderatzaile horiei komeni zaizkien curriculumen arabera antolatuak, beraz. Hala, politika geure beharren arabera aztertzeko ikastetxe baten beharra handia da gure herriarentzat. Horren hazia erein nahi luke jardunaldiak. Ez genuke nahi hor dadin bakarrik geldi:abiapuntua nahi genuke izan. Hiru eguneko jardunaldi potentea izanen da, non Euskal Herriaren egoeraz hitz eginen baita, menderakuntza egoeratik ateratzeko herriak dituen baliabideez. Unibertsitate ekitaldi bat da, eta horregatik antolatzen dugu UEUrekin batera, huraxe baita momentuz nazionala den gure unibertsitate bakarra. Zientzia politikoen gure unibertsitate baten kimu bat, zeinaren behar ikaragarria baitu gure herri honek.

Izan ere, zerbaitetan huts egin badu historian zehar euskal herriak, bere askapen prozesuan izan da; gainerako jakintza batzuetan, oso abangoardista eta bitala da, baina politikan ezjakina da.

Parte hartzaileak nor dira?

Gehienak unibertsitate irakasleak dira, baina badira idazleak, artistak eta abar ere. Azkenean, euren jakintzetan adituak diren pertsonak dira. Denak batzen gaituen ezaugarria hauxe da: gutako bakar bat ere ez dela politikari profesionala. Halabeharrez tokatu zaigu politika egitea, baina, agian, beste egoera eta herri batean ez ginateke horretan ariko.

Ororen buru, ez dugu anbizio politikorik; halabeharrak bultzatuta eta herriaren premiak eskatuta egiten dugun zeregina da. Guztiak ohartzen gara geure eguneroko jardun eta egitekoan beharrezkoa dugula askatasuna geure jakintza-ikerketan ere sendo eta bizkor aurrera egin ahal izateko. Ikerketak ere independentzia behar baitu.

Dauden egitura instituzioen alternatiba ote da hau?

UEU euskal unibertsitate nazionala izateko borondatea duen erakunde moduko bat da, zazpi lurraldeak kontuan hartzen dituena. Beraiekiko kolaborazioan burutzeko gure asmoak hortxe du hain zuzen ere jatorria eta arrazoia. Jardunaldi hauek, berez, zientzia politikoa geuretik egiteko abiapuntua dira, unibertsitate arrotz batek ez baitigu sekula eskainiko gure interesetara egokitutako politika egiteko modua.

Zer da zientzia politikoa?

Zientzia politikoa? Horrelaxe izendatzen dugu, baina praktikan, badakigu, politikak gutxi dauka zientziatik, alegia, oso gutxi direla urratu ezin diren printzipio politikoak… Politikaren printzipio bakarra, funtsa, indarra da, edota indar edo botere horren instituzionalizazioa. Botere hori lortzeko, mantentzeko edo galdutakoan berreskuratzeko, denak balio du. Argiak eta trebeak izaten ikasi beharra dugu euskaldunok, gure menderatzaileak baino gehiago gutxienez. Politika indarraren legea da oroz gain, negoziazioak, elkarrizketak eta horiek guziak duzun indarraren arabera baino ez baitira arrakastatsu izaten ahal.

Auzoen estatuen ibilmoldea ikusiz ez du halako gogorik ematen estatu bat edukitzeko.

Bai, baina, inor izango bazara munduan, estatuaren beharra dago, ez zara-eta existitzen ahal estatu batetik kanpo. Denak gaude estatu baten pean; beraz, mundua horrela antolatua den bitartean, guk ere geurea behar dugu. Asko hitz egiten da inguratzen gaituzten estatuen gaiztotasunaz eta abar, baina, hain zuzen ere, geure egiturari gure nolakotasuna eta marka eman ahal izateko ere, estatua behar dugu. Estatua da zeure boterea izateko existitzen den estrukturarik gorena. Funtsean, tresna bat da. Nola izanen diot neure estatuari beldurrik gu mendean hartuta gauzkan beste biren mende bizi naizenean? Geure euskal estatua beste horien okupazio petik ateratzea da edozein demokrataren eginbeharra. Irudika dezaket estaturik gabeko mundu bat, baina ez da existitzen, eta euskaldunok, mundu honetan bizi garenez eta ez beste planeta batean, mundu hau gobernatzen duten arauen arabera jokatu behar dugu. Arau horietan jokatu ezean —arau zikinak eta itsusiak izanik ere—, hilko gara herri bezala, ez dugu irtenbiderik.

Parte hartzaileak nor diren xuxen erran dezakezu?

Aurkezpen lanak Olatz Zugasti kantariak eginen ditu. Gero, jardunaldiari hasiera emango dio gazteen mahai inguru batek, haien gain delako etorkizuna eta kezkaturik baitatoz: lekuko hori pasa diegu, eta kontatuko digute herriarekiko euren kezka eta ikuspuntua. Bertan izanen dira Gratxina Lertxundi, Irati Fernandez eta Ainhoa Dubrana, unibertsitateetako hiru ikasle. Gero, Mikel Erauskinek ekonomiaren ikuspuntutik erakutsiko du herri honen independentziaren beharra, bai eta independentziak ekonomiarena. Asisko Urmeneta irudigile ezagunak bere ekarpena eginen du, bere lengoaian, bai eta Pako Aristi idazleak hitzaldia eman ere. Ber gisan, EHUko hiru doktore zientifikok emanen dute mintzaldia, Naroa Anabitarte, Jesus Arregi eta Izaskun Elezgaraik, hainbat gairen inguruan. Horietarik bat, menderatuen psikologiaz arituko da, biziki gai interesgarria, menderatuok psikologia berezi bat baitugu, eta horretan erortzen ez baikara lehenak: hor dira [Frantz] Fanon eta Albert Memmiren lanak, adibidez. Asier Ipiñazar ingeniaria, Eneko Bidegain kazetaria eta Joxe Manuel Odriozola idazleak beren ekarpen gaitza ere eginen dute.

Azkenik, nik neuk, zenbait unibertsitatetan eta jakintzagairen irakasle naizen aldetik, ene aletxoa jarriko dut. Erran bezala, herriarekiko kezkak batzen gaitu, ez gara politikariak.

Izena emateko?

Urririk da, baina izena eman behar da, helbide honetara idatziz: nazioestrategian@gmail.com. Eta interesa duenak egin dezalalehenbailehen, jendea hasi baita jada, eta lekuak ez baitira aunitz; beraz… Bada manera egun bakarrean parte hartzeko, nola bitan edo hiruretan.

http://zuzeu.eus/euskal-herria/ikastearena-bainoago/