(ZAPALDUTAKO) HERRI BATEN (A)NORMALTASUNAZ

Joan den astean, gure herriaren normaltasunaz hitz egin zen, EH Bilduren eta PSEren arteko bilkuraren harira. Bi alderdi horiek biltzeak normaltasuna ematen omen dio gure herriari. Alarma guztiak piztu zitzaizkidan hori irakurtzean. Posible ote da herri zapaldu batean normaltasunaz hitz egitea?

Oso arriskutsua da bere buruaren jabe ez den herri batek bere zapalkuntza egoera normal-normal eramatea. Hori zapaldua izatearen sentsazioa desargertzen ari den seinale da, hau da, gure herriaren kolonizazio egoeraz geroz eta kontzientzia gutxiago dugun seinale.

Herri baten egoera naturala, normala, askatasuna da. Herri bat bere buruaren jabe izatea da normala. Eta zapalkuntza egoera, berriz, anormala. Independentziaren aldeko pedagogia egin behar dela esaten da. Eta ados nago. Baina pedagogia hori, zapalduta dagoen herri baten kasuan, egoeraren anormaltasunaren berri ematea da. Normaltasunaz hitz egiten badugu, independentziaren aurkako pedagogia egiten ari gara, hau da, zapaltzen gaituzten bi estatuen aldekoa hain zuzen ere.

Ez dugu instituzio propiorik. Ondorioz, Espainiako eta Frantziako instituzioetan parte hartzen dugu (pozarren askotan). Beren estatuetako estrukturetan instituzionalizatu gaituzte, txertatu gaituzte indarrez. Haien trenean goaz. Eta okerrena zera da: tren hori gurea balitz bezala sentitzera irits gaitezkeela, eta hori zapaltzen gaituzten estatuen lorpen izugarria da! Bagoi bat egin digute propio guretzat, eta bagoi horretan gauzak erabaki ditzakegu, bai, baina ez daramagun norabidea! Tren horrek ez gaitu indenpendentziara eramango!

Independentziarako bidea egin nahi badugu, trena aldatu behar dugu. Parte hartzen dugun instituzio hauek arrotz eta inposatu bezala ikusi behar ditugula. Gure instituzio eta estruktura propioak behar ditugula. Eta, horretarako, lehenengo pausoa egoeraren anormaltasunaz ohartzea da. Egoera normal batera iristen ari garela pentsatzeak urrundu egiten gaitu askatasunetik. Askatasunik gabeko bake bat egon ez daitekeen bezala, ezin da egoera normal bat egon herri kolonizatu batean.

Askatasuna… askatasuna ez da bozkatzen, eta are gutxiago zapaltzen gaituzten horien partaidetzarekin, horrek zapalkuntza bera ere ukatzea baitakar… egoera anormal bat normalizatzea, hain zuzen ere. Norbaiti okurritzen al zaio bahituta dagoen persona baten askatasunari buruz bozka daitekeenik? Eta gainera bahitzaileak berak ere parte har dezakeela bozketa horretan? Bada, persona bati aplikatzen dioguna aplika diezaiokegu herri bati. Gauza bera baitira. Bereizezinak. Herriari, pertsonari bezala, askatasuna dagokio. Baldintzarik gabe. Bozketarik gabe.

Eta bakea… nola hitz egingo dugu, bada, bake egoera edo prozesu batez herri kolonizatu batean? Bakea askatasunarekin etorriko da… edo erabateko asimilazioarekin. Gure herria erresistentzia egoeran dago (egoera anormala, beraz), bi estatu boteretsuren indarkeria jasatzen duelarik. Eta indarkeria hori, nahiz eta geroz eta ezkutatuago egon, identifikatzen jakin behar dugu. «Garai berrietan», desagertu den indarkeria bakarra ETArena izan da.

Egin dezagun, bada, bere buruaren jabe ez den herriaren anormaltasunaren pedagogia, egoeraren anormaltasunaz ohartzea baita normaltasunerako bidea hasteko ezinbestezko baldintza. Orduan hasiko gara pentsatzen goazen treneko bagoi horretatik nola salto egin askatasunaren bidean jarriko gaituen trenera.

http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/zapaldutako-herri-baten-a-normaltasunaz-1

reunion-mendia-pnv-otegui-pse-k4ag-620x349abc