Skip to main content
Artikuluak

GATAZKA NAZIONALAK

By 28 azaroa, 2018No Comments

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen amaiera

Gatazka nazionalak ez dira berez sortzen: nazio batek beste bat indarrez zapaltzen duenean sortzen dira.

Gu ez gara ez espainolak, ez frantsesak; gu euskaldunak gara. Noiztik da beharrezkoa hori esatea eta azpimarratzea? Herri aske bat ginenean, ez zegoen esan beharrik ere. Gure ez izatea eta izatea azpimarratzeko beharra aldameneko bi estatu-inperioek zapaldu gintuztenean hasi zen. Hori da gure gatazka nazionalaren sorrera: gu bortizki zapalduak izatea. Zapalkuntza hori ez da, beraz, azken hamarkadetako kontua; askoz ere zaharragoa da, eta oraindik ez da amaitu.

Duela hilabete, gutxi gora behera, bere lana amaitutzat eman duena Harremanetarako Nazioarteko Taldea izan da. Bryan Currinek esandakoak dira: “Euskadi herri erabat demokratikoa da, herriko sentsibilitate politiko guztien parte hartzearekin”, eta “giza eskubideak betetzearen estandar gorenerako bidean doana”, nahiz eta jabetzen den, hala ere, “badirela oraindik konpontzeko zain dauden gaiak, hala nola presoak eta biktimak”.

“Bake oinarri sendoak daude. Bake marko batean eta iraganean izandako arazorik gabe arazo serioez demokratikoki hitz egitea demokratikoki eztabaidatzea da, beste edozein
herritan bezala”, azpimarratu du.

2014ko otsailaren 26an, Harold Good apezak, OBE Britainiar Inperioaren Ordenako ofizialak, zeina IRAren armen konfiskatzea egiaztatu zutenetako bat izan baitzen  Inperioaren Ordenako ofizialak, IRAren armen konfiskatzea egiaztatu zutenetakoak, gutun bat bidali zion Espainiako Gobernuari. Honela zuen hasiera:

“Escribo como alguien que ha sido invitado al País Vasco en muchas ocasiones para reunirme con personas genuinamente sinceras y grupos que están comprometidos con la búsqueda de una paz justa y duradera en esa bella región de España [Gonbidatu gisa idazten dut, sarritan deitu izan baitidate Euskal Herrira hango hainbat pertsona zintzorekin eta Espainiako eskualde eder horretan bake justu eta iraunkor bat lortu nahian dabiltzan zenbait talderekin elkartzera].

Ez Good jaunak ez eta Currynek ere ez dakite, edo ez dute jakin nahi, herri honek mendetako gatazka nazional bat duela. Batak ez zekien, edo ez zuen jakin nahi, herri hau ez dela “una bella región de España”, eta besteak ez daki, edo ez du jakin nahi, gatazka nazionalak –gurea gatazka nazionaltzat hartzen badu, bederen– ez direla berak dioen moduan amaitzen. Herri baten baketzeak bere askatasuna duela ezinbesteko baldintza, indarrez kendu zioten askatasuna.

Zoritxarrez, orain arte aipatutakoak ez dira erratu bakarrak, ordea; oihartzun, arrakasta eta onespen handia dute haien esanek “gure politikarien” artean. Azken horientzat ere, hemen dena normalizatua legoke konpontzeko zain dauden gai horiek konpondu ondoren. Hori dute ezinbesteko baldintza bakartzat herri honetan erabateko bakeari eta bizikidetzari lekua egiteko.

Jakin bezate, sobera dakitela sinetsia nagoen arren, nazioarteko gatazka armatuek konponbide bakarra dutela: okupazio armatua gauzatu aurreko egoerara itzultzea, zapaldutako herriak bere askatasuna berreskuratzea. Gainontzekoak azaleko konponketak besterik ez dira; askatasunaren grina ez da amaitzen herria desagertu artean, eta noizbait piztuko da garaipena lortzeko adina indarrarekin.

Hemen ez da demokraziarik izango, ez da bakerik izango giza eskubideen artean lehena eta beste guztien oinarria den independentzia lortu artean.

Ez da nahikoa, Curryn jaunak bere lana amaitutzat eman ondoren egin duen bezala, Espainiako eta Frantziako gobernuei presoen gaian aurrerapausoak eman ditzatela eskatzea. Herri honetako jendea preso dago, bai, baina herria zatitu egin digute indarrez, gure erakundeak ordezkatu, gure hizkuntza eta kultura desegin, gure sena espainoldu eta frantsestu; azken finean, lortzen ari dira euren helburu nagusia: herri hau desagerraraztea.

Currynek eskatuz amaitu nahi badu bere lana, eskatu diezaiela ozen inperialismoa erraietan daramaten bi estatu horiei utz dezatela herri hau bakean bere betiko esparru geografikoan, bere osotasunean, bere instituzio propioekin, eta bere etorkizuna libreki erabakitzen.

Hori lortzen duenean esango diogu amaitu duela herri hau baketzeko lana. Orduan izango dute zentzua elkarbizitza, aniztasun, bake eta demokrazia hitzek, eta sentsibilitate ezberdinen arteko elkar ulertzeak. Bitartean, bi sentsibilitate besterik ez da izango Euskal Herrian: zapaltzailearena eta zapalduarena. Hori horrela ez ikusteak gatazka nazionala ukatzea dakar, espainolak edo frantsesak garela barneratzea.

Eskatzea ez da bidea, ordea; are gutxiago, zu zapaltzen zaituenari. Itotzen zaituen hori gainetik kentzea da bide bakarra, horretarako indarra baduzu, noski, bera ez baita sekula zure gainetik kenduko bere borondatez. Herri honek badu indarra; makina bat aldiz egin ditu indar erakustaldiak. Behar duena da indar hori egoki antolatu eta kudeatuko duen lidergo bat sortu, eta etsaiak ahuldaderen bat duenerako prest egon.

Indar hori ia alferrik xahutzen da etsaiaren orbitan biraka, irentsi egiten baitu. Indar hori beste orbita batean antolatu behar da, gure orbita propioan. Gatazka nazional bat badugu esku artean, baliabide nazionalak sortu eta erabili beharko ditugu, herria bere osotasunean irudikatuko duten baliabideak, herritik eta herriaren mesederako sortuak.

Mikel Antza Etxegoien

Orreagako kidea