Skip to main content
Artikuluak

Pandemiak orain arte erakutsi diguna eta Aberri Egunerako deialdia

By 8 apirila, 2020No Comments

“Beste mota bateko pandemiek edo egoera ahulek inperioak desagerrarazi dituzte; ez ote da hau izango gure askatasuna lortzeko aukera? Antola gaitezen. Sor ditzagun gure erakunde propioak, Espainiako eta Frantziako konstituzioek ezarri dizkigutenetatik at.”

Pandemiak orain arte erakutsi diguna
1.- Nahiz eta mundu osoari eragin, erabakiak soilik estatu-nazioek hartzen dituzte.
2.- Espainiako Gobernuak armada zapaltzailea ekarri du gure herrietara, “biba Espainia” oihukatuz. Horra “aldebikotasuna”.
3.- Indar okupatzaileen etengabeko goraipamenak eta omenaldiak ere ikusi behar izan ditugu, baita Eusko Jaurlaritzaren Ertzaintzak eginak ere. Tira, denak ere Espainiako Estatu bereko polizia-indarrak izanik, ezin besterik espero.
4.- Espainiako Gobernu inperialistak egindako agerraldi gehienetan Armadaren, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren agintari gorenak erakutsi dizkigu koronabirusak, euren uniforme eta izarrez jantzita. Aurrera begira ere inori ahantz ez dakion zeinek agintzen duen hemen.
5.- Herri gisa erabakimenik ez izateak gure zapalkuntza-egoera uzten du agerian, edo alderantziz.
6.- Euskal Autonomia Erkidegoko “Gure Lehendakariak” zintzo bete ditu aginduak, nahiz gainetik dituenen modu eta prozedurak desegokiak iruditu. Zer beste egin dezake bere hitzetan EAEn Espainiako Estatuaren ordezkari gorena denak eta estatu horrekiko leialtasunez jokatuko duela hainbestetan esan duenak?
7.- Nafarroako Foru Erkidegoko “Gure Presidenteak” gogotsu betetzen ditu goitik datozkion agindu guztiak.
8.- Pandemiak, bada, bistan utzi du Euskal Herria bere egoera tamalgarritik ateratzeko lidergoaren hutsunea.
9.- Koronabirusak, bada, orain arte aipatutakoen araberako Espainiaren batasun zatiezina ekarri digu gogora: horien guztien ustez, herri bakarra espainiarra da.
10.- Espainia jartzen duen tokian Frantzia jarrita irakur genezake orain arteko guztia, eta Euskal Hirigune Elkargoa gogora ekarriz, ezer aldatu beharrik ez dela, bistan da.
11.- Alabaina, estatu inperialistek Euskal Herrira ekarritako zatiketa are sakonagoa egin da: erkidego bakoitzak bere agerraldi, datu-emate… Izan ere, ez da normala herri batek bi “gobernu” eta “elkargo” bat izatea.
12.- Koronabirusak gizarte osoari erasotzen dio, ez du bereizketarik egiten, baina badago hori baino txarragorik: herri batzuek, inperialismoaren birusak infektatuta, beste batzuei erasotzen diete eta menperatu egiten dituzte, indarrez. Espainiak eta Frantziak gurea dute okupatua.

Irakaspena
Beste mota bateko pandemiek edo egoera ahulek inperioak desagerrarazi dituzte; ez ote da hau izango gure askatasuna lortzeko aukera? Antola gaitezen. Sor ditzagun gure erakunde propioak, Espainiako eta Frantziako konstituzioek ezarri dizkigutenetatik at.

Deialdia
Apirilaren 12an, Aberri Egunean, ipin ditzagun guztiok ikurrina eta Nafarroako bandera, Nafarroako bandera eta ikurrina, gure leihoetan. Biak dira gureak.

Mikel Antza