Skip to main content
Artikuluak

DEMOKRAZIAN BIZI AL GARA?

By 27 apirila, 2020No Comments

COVID-19a dela eta, asko aipatzen ari da egunotan euskaldunon eskubideak urratzen ari omen direla. “Demokrazian” martxan jarritako Eusko Jaurlaritzak 40 urte bete zituela esan zuen Urkulluk duela gutxi.

Euskaldunon eskubideak urratzea COVID-19arekin etorri al da? Urraketa hori ez al da mendetan pairatzen ari garen zerbait? Demokrazian bizi al gara? Zer nahi du herriak?

Hona hemen Joseba Ariznabarretari 2009ko azaroaren 11n Tolosako Lizardi elkartean emandako “Trantsizioa: arrazoinamendu politikoaren berreskuratzea” hitzaldian egindako galdera eta hark emandako erantzuna:

«—Batzuetan aipatzen da gaurko egoera demokratikoa ote den edo ez; zuk nola ikusten duzu?

Begira, lehengoan Lizarran izan nintzen, PNvko buruzagi batek emandako hitzaldi batean. Haiek onartuta daukate demokrazia batean bizi garela, eta arrazoinamendu hau egin zuen: “Orain espainolistek paktu bat egin dute abertzaleak gobernutik kentzeko, baina hori onartu beharra dago”.

»“Onartu beharra dago”, esaten dute, indarrean dauden joko-arauak onartzen dituztelako.

»Hitzaldian hitz egiteko asmorik gabe joan arren, zera esan nion:

»“Hori esatea, zuk hori onartzen duzula esatea, Frantzian gobernu espainol bat egon daitekeela onartu eta hori demokratikoa dela esatearen parekoa da. Euskal Herria nazio bat dela onartzen baduzu, ezinezkoa da Espainiako gobernu bat bertan egotea eta hori demokratikoa dela esatea. Adibide berdin-berdina da. Eta gu nazio bat garela ukatzen baduzu, orduan dena da libre, eta ez ginateke hemen elkartuko, ni behintzat ez nintzateke hona etorriko”.

»Jendeak, zeina ordura arte oso pozik egon baitzen entzuten eta ez baitzuen ezertxo ere ulertzen, txalotu egin ninduen. Herri honek bere askatasuna nahi du. Nik jende arruntari, kalean entzuten diodanean, hori entzuten diot. Horrek esan nahi du Lizarran jende abertzale asko dagoela eta Euskal Herriaren askatasuna nahi dutela. Baina guk ez dugu sinesten. Lizarran ez dagoela ezer, eta Barakaldon ere ez, esaten dugunean, gezurretan ari gara. Abertzale asko dago Lizarran, eta Barakaldon, eta toki askotan. Egin behar duguna da indar hori aprobetxatu herriaren askatasuna lortzeko. Eta, gero, bakoitzak nahi duen erregimena ipin dezala eskubide guztiarekin. Guk erabakiko dugu».