GALDAKAOKO HITZALDI ZIKLOA (2026ko udazkena) (III. hitzaldia)
Galdakaoko LV. Hitzaldi Zikloaren baitako hirugarren hitzaldia izango da ostiral honetan, azaroak 20, Torrezabal kultur etxean 18:30ean.
Hitzaldiaren izenburua “Nazio diskurtsoen arteko lehia hezkuntza sisteman: testuliburuak aztergai” da eta Jon Fernandezek eskainiko du. Jonek Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidea Gradu bikoitza egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Ondoren, Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra egin zuen, eta masterraren bukaerako lanean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek Lehen Hezkuntzan erabiltzen dituzten testuliburuak aztertu zituen, nazio-nortasuna nola erreproduzitzen duten ikertze aldera. Egun ere, hezkuntzaren hari horri tiraka ari da doktoretza egiten Gizartea, Politika eta Kultura Doktorego Programaren baitan.
Ostiraleko gaira etorrita, hezkuntzako testuliburuen azterketatik abiatuta, aztergai izango dugu zer gertatzen den lurralde batean bi nazionalismo (euskalduna eta espainiarra) gainjartzen direnean: biak bateratu ala lehiatu egiten al dira? Zeinek irabazten du?
“Billig-en ustez (1995), ezarritako estatu-nazioetan, nazionalismoa oharkabean erreproduzitu ohi da; hots, nazionalismo hutsalak, erritual edo ohiko praktiken bidez, naziotasun bat naturalizatu eta etengabe gogorarazten du. Praktika horien ondorioz, populazio orokorrak naziotasun hori bereganatzen du.”
