Skip to main content
Artikuluak

Independentzia gure kabuz pentsatu

By 21 ekaina, 2013No Comments

Gexan Errotabehere
Orreagako kidea

Usu elkartzen naiz ene adiskideekilan eta gauza anitzi buruz mintzo gara aldi bakoitz. Noiztenka, nahiz eta ez iritzi bera ukan, ez da deus gertatzen. Baina… izugarri lerrakor, edo tamalez, elkar samurtzerat garamatzan gai minbera den irizpide hau aipatzean, frantsesez erraiten den bezala, «le sujet qui fache» delako honekin topatzen gara aldi bakoitz… zendako ote? Ez gara gai politikaz mintzatzeko?

Zer dakigu politikaz? Edo nola mintzatu politikaz denak gaitzitu gabe? Iduri du gai honek euskaldunak oraino gehiago zatikatzeko (posible balitz…) tresna dela etsaiarendako, egiazki euskaldunen arteko batasun izateko orde.

Gure haserrea da, politikan, huts egiterik handiena gure lur honetan. Gure arteko haserrea da etsaiaren garaipenik handiena. Gure elkar ez-ulertzea. Gure eztabaidarako ezintasuna etsaiaren estrategiaren zati garrantzitsua da.

Hasi behar gara, beraz, kritika eraikitzaileak egiten. Hori lehen ikasgaia dugula iruditzen zait, behingoz, ezintasun politikoari aurre egiteko. Euskaldunak, gure artean haserretzen garelarik, etsaiaren indarrak metatzen ari gara gure kalterako eta etsaiaren probetxuko.

Independentzia euskaldunen artean den nahia edo desira da, herri honen borondatea hain justu ere. Beraz, gogoeta sakona egin, ekarpenak mahaira ekarri eta euskaldun osotasun kontzientzia hedatu behar dugu. Independentziarako gogoeta sakona egin behar dugu beraz…

Bestalde, ezin baztertuzko galdera bat heldu zait gogora: zer da Independentzia euskaldunen artean den nahia edo desira da, herri honen borondatea hain justu ere. Beraz, gogoeta sakona egin, ekarpenak mahaira ekarri eta euskaldun osotasun kontzientzia hedatu behar dugu politika? Lehenik, etsaiari zure nahia edo interesa eginaraztea, behartzea.

Bistan dena, etsaia ongi identifikatu, zehaztu, detektatu eta ezagutu behar da, eta hor botereaz ari gara. Nork du boterea? Zer da boterea?

Gure kabuz pentsatzen ikasi behar dugu. Sobera bonbardaturik gara etsaiaren mezuarengandik eta, usuegi, ez dugu gauzen kolokan ezartzeko edo kuestionatzeko usaia zipitzik ere.

«Erran dute…» eta horra? Ez gara haratago joaten… Gure pentsamoldea kolonizatu digute mezu faltsuak erabiliz, guk berak etsaiak egin nahi duena egin dezagun. Beraz, erna gaiten! Herri honek badu bere nortasuna, bere sena ere. Baina politika mailan heldutasuna eskuratu behar dugu. Etsaia gure parean ez baita ez lo, ez besoak gurutzaturik egoten… Denborak bere lana egiten du… tik-tak-tik-tak-tik-tak… beraz, atzar gaitezen!

Edozein herriren demokraziaren abiapuntua independentzia denez, euskaldunak ere ez gara beste planeta batekoak; beraz, bururatzeko, galdera bat pausatu nahi nieke euskaldun oroer: zein nazio independente ezagutzen da bere estatu propiorik ez duenik? Ba ote da? A, bon! Eta zein da euskaldunon egoera beraz…?

(Ipar euskal herriko hitza)