Skip to main content
Artikuluak

Independentziara bidean, Abertzaleon batasuna

By 15 uztaila, 2013No Comments

Garbi  ikusten dut gure Herria/Nazioa bizi den lurraldean beste bi herri/nazio bizi direla eta, gainera, beren interesak defendatuko dituen estatu bana dutela. Eta garbi ikusten dut, baita ere, bi nazio-estatu horiek urratzen dutela gure Herriaren eta Herria osatzen dugun bakoitzaren askatasuna.

Ados zaudete esaten badut herri baten askatasuna oztopatu eta bahitzen duen nazio-estatua nekez izango dela demokratikoa? Eta iruditzen zait hori bera esan daitekeela nazio-estatu horiek legitimatzen dituzten herritarrei buruz. Demokrata bat poztu egingo litzateke herri batek independentzia lortuko balu. Hala iruditzen zait niri. Bestela,  a zer-nolako demokrata!

Eta ados zaudete esaten badut gure independentziaren etsairik eta oztopatzailerik sutsuenak Frantzia eta Espainiako Estatuak direla? Eta independentzia estatu  zapaltzaile horien eta horiek legitimatzen dituzten herritarren  aurka lortu beharko dugula (ez haien baimenaz , eta are gutxiago laguntzaz)?

Horregatik pentsatzen dut ezin dugula gure Herria independentziara bidean jarri  zapalduta egotea nahi dutenekin eta eragiten dutenekin. Pentsatzen dut demokraziarik ezaren adibide garbia direnengana hurbiltzeak askatasunetik aldendu egingo gaituela gerturatu beharrean. Eta galdetzen diot neure buruari nola jarriko gaituen independentziara bidean gure Herriaren eta Herria osatzen dugun bakoitzaren  askatasunak bahituta jarrai dezan nahi dutenekin eskua emanda joateak.

Gure Herriaren independentzia  helburu abertzale bat da eta abertzaleen arteko batasuna behar du. Eta ezin dugu pentsatu hain justu kontrakoa desiratzen dutenekin eskua emanda Herri aske bat ikusiko dugunik. Nola emango diot nire eta nire Herriaren askatasuna zapaldua duenari horren gainean erabakitzeko eskumena?

Baina gure arteko batasuna ez da batasun sentimental hutsa, ez da helburuekiko batasun hutsa. Batasuna politikoa izan behar da, hots, batasun estrategikoa; estrategiarik gabe ez baitago politikarik.

Orreagan, aspaldi ari gara mezu hori zabaltzen, hitzaldietan eta idatzietan. Askotan saiatu gara politikaren eta estrategiaren esanahia eta haien arteko lotura azaltzen.

Estrategiarik gabe ez dago politikarik, eta politikarik gabe ezin da lortu askatasuna.

Asier Ezpeleta Jauregi.

Orreagako kidea

http://zuzeu.com/2013/07/09/independentziara-bidean-abertzaleon-batasuna/