Skip to main content
Elkarrizketak

‘Munich 1962: isildu egia’ dokumentalak. «Politikarien diskurtsoek ez diote gure herriari mesederik egiten»

By 12 otsaila, 2014No Comments

Naroa Anabitarte, Orreaga Taldeko kidea: ‘Munich 1962: isildu egia’ dokumentalak. «Politikarien diskurtsoek ez diote gure herriari mesederik egiten»

by  on 2014/02/10 in

 http://oarsobidasoa.hitza.info/paperekoak/naroa-anabitarte-orreaga-taldeko-kidea-munich-1962-isildu-egia-dokumentalak-politikarien-diskurtsoek-ez-diote-gure-herriari-mesederik-egiten/

Naroa Anabitarte

Naroa Anabitarte

Kezka batetik sortutako proiektua da Munich 1962: isildu egia. Ordu hartan Munichen egon zirenen hitzak jaso dituzte Orreaga Taldeko kideek. Dokumental historikoa izateaz harago doa, ikus-entzulea hausnarketara gonbidatu nahi du. «Iruditzen zaigu oraindik ere orduan gertatutakoak gaurkotasun handia duela; oraindik berdin jarraitzen dugu, garai hartan egin ziren akats berberak errepikatzen dira gaur egun», Naroa Anabitarte (Tolosa, 1979) Orreaga Taldeko kide eta dokumentalaren egilearen esanetan. Ez du ikusten politikarien aldetik akats berak ez errepikatzeko nahirik, «ematen du dinamika beretan jarraitu nahi dela, aldez aurretik galduak diren bideak erabiliz».

Dokumentala hilaren 12an aurkeztuko dute Trintxerpen, 19:30ean, alkateordetzan. Kepa Anabitarte eta Eugenio Arzubialde dokumentaleko bi protagonista izango dira bertan.

Isildu egia da tituluaren zati bat. Zein da isiltzen den egia?
Isiltzen den egia ez da bakarra. Bat da Municheko gertakaria bera, dokumentalean batek aipatzen du han gertatu zirenak azken finean gure herriari ez ziotela mesederik egin politikoki. Beraz, hori ezkutatu egin zen. EAJri buruz hitz egiten dute, baina hori da momentu hartan EAJ zegoelako, ez da obsesio bat dagoelako EAJrekin edo inorrekin. Gauza da EAJ zegoela eta haiek egindako zenbait jokabide ezkutatuak izan zirela EAJko base askori, herri honetan ez zen ezagutu eta hori nabarmena da, itun hori jende askok ez du ezagutzen eta ondorioak ekarri zituen eta oraindik ere jasaten ari gara ondorio horiek. Hori alde batetik. Baina Municheko gertakaria bera ez da isilduteko egia bakarra, titulua harago doa; hor ateratzen diren pertsonek urte asko daramate politikan, eta euren irakurketa ere ezkutatua izan da, eta oraindik ere ezkutatu egiten da. Ez dakit, agian batzuei ez zaie komeni ateratzea edo, baina kontua hori da: saiakerak egiten dira irakurketa horiek ez azaleratzeko.

Gertakari hori zergatik ez da ezaguna egin?
Maila pertsonalean hor parte hartu zutenak gerra galdu zutenak izan ziren, exilioan zeudenak, etsipenak jota zeuden, desesperatuta… Gauza da herri batentzat garrantzitsuena den erreminta bati uko egin ziotela: gobernu propioa edukitzeari. Herri bati ezin diozu hori esan, zure gobernuari uko egin diozula alegia, herri horretako liderrak horren bila joan behar dutela pentsatzen da. Agian horregatik.

Akats berberak behin eta berriro errepikatzen direla diozue. Zein dira akats horiek?
Espainolen demokrazia batean sinistu zen. Munichen espainiarrek planteatzen zuten nolabaiteko batasun espainol bat, denak batera Francoren aurka joateko, baina espainiar bezala. Esaten zuten Francoren amaieran gobernu bat jarriko zela, espainola, eta hortik aterako zirela guretzako eskubideak. Kontua da hor erori zirela, haienganako konfiantza horretan. Baina hori Munichen egin zen, eta gure historiako beste hainbat pasartetan ere. Etengabe errepikatzen den akats bat da. Espainia eta Frantzia gure kontra daude, gu suntsitu nahi gaituzte, hori da euren helburua eta logikoki gure kontra egingo dute. Gure berehalako helburuak independentzia izan behar du, gure gobernua, eta horren aurretik ez dugu demokrazia dei daitekeen ezer izango, gure herria zapalduta dagoen bitartean ezin da demokraziaz hitz egin. Baina, akats berdinekin jarraitzen dugunez, orain ere pentsatzen da independentzia lortu aurretik egoera demokratikoa lor daitekeela.

Independentzia baino gehiago autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea bezalako terminoak entzuten dira. Finean gauza bera adierazi nahi dela uste duzu?
Autodeterminazioa hitza berez herri bati dagokion kontzeptua da, herri hori bera determinatzea, libreki. Hori praktikoki independentzia da, baina herri honetan hitz hori erabili da baita ere azken urte askotan bozketa bat izango balitz bezala. Herri batek bere existentzia ez du bozkatzen, herri bat da. Beste gauza bat da herri hori behin determinatu eta gero paper batzuk egin beharra edo, baina hori ondoren dator. Gu zentzu horretan existitzen gara, eta gure independentzia izango litzateke gure autodeterminazioa.

Independentzia berrezarri behar dela diozue. Nola?
Hori da gauza zailena. Berrezarri esaten dugu eduki dugulako eta berreskuratu egin behar dugulako, eta horrek badu bere garrantzia, gure kasuan kendu diguten zerbait berreskuratu behar dugu. Eta nola? Lehenengo pauso bezala ezinbesteko da ideologia propio batetik abiatzea eta batzuek dioten bezala ‘inperialismoari zero tolerantzia’. Hasteko analisi serio bat behar da, politikoki sakon aztertu behar da egoera, pauso egokiak eman ahal izateko. Hor dugu hutsunea, herri honek nahi eta potentzial ikaragarria duelako, horregatik gaude bizirik; herri honek esfortzu ikaragarria egin du. Herriari askoz gehiago ezin zaio eskatu, etengabe ematen du, baina hutsune nabarmena dago klase politikoan. Nik uste horretara joan behar dugula. Eta hori nola egin dezakegu? Lehenengo gauza gure egoerari ongi egokitzen zaion eta helburua zein den oso garbi duen ideologia propioa lantzea. Nahiko urgentzia dugu horretarako. Gure gobernu propioa ere martxan jarri behar da.

Eskozia, Katalunia… hango prozesuei begiratzea komeni al da?
Interesgarria da begiratzea eta ikustea zertan ari diren, zertan asmatzen duten, zertan ez… beti ikas daiteke. Egia da ere herri bakoitzaren egoera desberdina dela. Komunikabideetatik gauzak iristen zaizkigu, baina ez dugu ezagutzen herri bakoitzak zein indargune dituen, zer duten landuta, nola dauden antolatuta… Hori guztia ezagutzen ez dudanez, ezin dut esan noraino irits daitezkeen, baina zertan asmatzen duten ikustea, hori garrantzitsua dela iruditzen zait.

Kataluniaren kasuan, gainera, parean kontrario berberak ditugu, eta horrek ere pistak eman ditzake. Argi dago, hala ere, bakoitzak berea egin behar duela.

Dokumentalean, momentu batean batek esaten du herri honek baduela potentziala Espainia zein Frantziari aurre egiteko, baina ez dela jakin hori esplotatzen; politikari kualifikatuak behar direla horretarako. Nola ikusten dituzu gaur egungo politikariak?
Kanpora begira eta euren diskurtsoekin ez dute demostratzen kualifikatuta daudenik, baldin eta helburu berbera badugu. Politikariei entzun eta uste dut herri bezala askoz gehiago merezi dugula. Herri honek dena eman duela eta ematen duela iruditzen zait niri, eta esfortzu handia egiten du gero horrelako diskurtso eskasak jasotzeko; eskasak helburua independentzia baldin bada. Helburua beste bat baldin bada, ordea, hor ez naiz sartuko, dagoeneko ez dakit-eta zertan dabiltzan, zertara jolasten dabiltzan. Politikarien diskurtso horiek ez diote gure herriari mesederik egiten, eta herritar bezala oso garbi ikusten dut hori. Gainera, emaitzak ikusi egiten dira. Herri honek dena emateko prest dagoela demostratzen du zentzu guztietan, dirua, bizitzak… Eta diskurtso horiek kalte nabarmena egiten dute. Jendearen artean ahultasuna eta ezina zabaltzea lortzen dute, ez erabat, ordea; jendearen sentimendua indartsua da oraindik, baina komunikabideen indarrarekin egunero-egunero bonbardatzen gaituzte. Laburbilduz, politikari horiek ez dira Espainiak eta Frantziak jartzen dituzten joko-arauetatik ateratzen, eta gainera, haien burua ere ez da hortik ateratzen. Ematen du ezin dutela hortik atera eta beste zerbait planteatu, eta eguneroko horretan eztabaida antzu askotan sartzen dira.

Zenbat urte daramate joko beraren barruan ezer lortu gabe, eta aldatzeko inolako asmorik gabe? Ez dut inor ere ikusten dimisioa ematen. Inork ez du gogoeta egiten garai batean zerbait lortzeko asmoz zerbaitetan sartu zela eta lortu ez duenez atera egin behar duela hortik, ea beste norbaitek asmatzen duen. Zintzotasunik ez diet ikusten ere. Jendeak haserre egon beharko lukeela iruditzen zait, eta beste zerbait bilatu beharko genukeela.

Belaunaldi berriez ere hitz egiten da dokumentalean. Nola ikusten dituzu generazio berri horiek? Gogotsu datoz?
Zenbat eta denbora gehiago pasatu, denbora gure kontra dator, baina aldi berean ikusten dut herri honek indar asko duela eta nolabaiteko erresistentzia transmititzen dela. Oraindik ez dut sentitzen hau galduta dagoenik, posible dela ikusten dut. Dagoen horrekin etsita sentitu eta motibazio falta edukitzea ez zait txarra iruditzen, alderantziz. Hori bai, etsipen hori errendizioa bada, hori ez da ona. Baina ez dut uste herri hau kasu horretan dagoenik,ezta bere gaztedia ere. Ilusio falta ez zait arraroa iruditzen, ilusioa edukitzea, berriz, bai.