Skip to main content
Artikuluak

EUSKADI: APROXIMACIÓN POLÍTICA (Iturria: J. Itzaga)

By 9 otsaila, 202030 martxoa, 2020No Comments

Euskadi aproximación política, prolegómenos para un debate (J. Itzaga, 1991) liburuaren atal baten laburpena dakarkigu hemen. Liburua argitaratu zenetik denbora puska igaro den arren, gaurkotasunez (Estatuak, nazioak, politika, demokrazia, hitzarmenak, erakundeak, Autonomía Estatutua, transferentziak, etab.) jantzita dago oraindik ere, Euskal Herriaren egoera ez delako, tamalez, aldatu; agian okerrera egin du, askatasunaren grinaren ikuspegitik. Baina bizirik da, oraindik, independentzia aldarrikatzen duen herria.”

EUSKADI: APROXIMACIÓN POLÍTICA. Ondorio batzuk

Euskal Herria nazio bat delako ustea dugu abiapuntu. Horrek esan nahi du nahikoa indar eta gaitasun “objektibo” duela jada subjektu politiko bihurtzeko eta lehia politikoan aktiboki parte hartzeko, helburuak eta horiek lortzeko epeak une bakoitzean dituen baliabideetara egokituz. Gure hitzak gure abiapuntu bera onartzen dutenentzat dira bakarrik.

Historian leku bat izan dugu, eta oraindik ere izan dezakegu, politikoki berrantolatzen asmatzen badugu, eta klase politiko berria sortzeko gai bagara, herriaren energiak norabide eta modu egokian bideratzen eta zuzentzen jakingo duena, pixkanaka ahuldu beharrean parlamentarizazioaren bidez inperialismoa legitimatuz.

Gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira Estatu bat demokratiko izendatzeko. Guri dagokigunez, nahikoa da horietako bi aipatzea Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa berresteko.

Lehena eta funtsezkoa da hark bere subiranotasuna hedatzen duen lurraldean dauden nazioek onarpen politiko-instituzionalik eta legezkorik ez izatea. Nazio zapalduetako kideen eskubide indibidualak, behin eta berriz famatzen diren horiek, ezin dira inola ere baliatu, eskubide horiek sortu eta bermatzen dituen gutxieneko askatasun nazionalik ezean. Irmo baieztatzen dugu indarrean dagoen sistema politikoa demokraziaren kontrakoa eta totalitarioa dela eta, ondorioz, legitimotasunik ez duela.

Bigarren baldintza –aurrekoari hertsiki lotua, jakina– saihestezina da sistema demokratikoetan, hau da, gorputz politiko orok aukera izatea bere buruari eman dizkion erakundeen defentsa ziurtatzeko era bateko edo besteko indar propioaren bidez.

Etsaia bere borondatearen aurka neurri horiek hartzera behartzeko adina indar ez dugun bitartean, ez dago inolako aukerarik erasoaldi politiko bati ekiteko. Erasoaldi hori euskal siglak dituzten alderdiak eta sindikatuak formalki eratuz egiteko asmoa, alferrikakoa izateaz gain, guztiz kaltegarria da, ezinbestean desengainua eta frustrazioa dakartzalako politika deritzonaren porrota egiaztatzean, eta ilusio edo pantomima bat baino ez da. Sigla horiek inperialismoaren zerbitzura herrialdean sartutako Troiako zaldiak dira, jakinaren gainean edo oharkabean.

Gudu politiko erabakigarriak gaur egun posible ez direla baina etorkizunean izan daitezkeela pentsatzen bada, itxaron egin beharko da, orduan, etorkizun hori, eta, bien bitartean, gudu horiek jarduera egokien bidez prestatzen ahalegindu, baina azak babarruntzat inoiz hartu gabe. Politika politika da; hemen ez dira posible suzedaneoak, nahiz eta traizioak posible eta ugariak izan.

Baldin eta azkenean pentsatzen bada ez gaur eta ez etorkizunean ez dela aukerarik egongo behar besteko indarra biltzeko eta politika terminoaren zentzu osoan eta benetakoan egiteko, egokiena da argi eta garbi esatea, ilusio faltsuak eta ondoriozko frustrazioa denbora gehiagoz sustatzen ez ibiltzeko eta, gainera, oraintxe bertan objektu estrategiko huts –edo pagaburu– bihurtutako herrialde honen etsaien erantzun politiko sendoak ez erakartzeko. Agerikoa dena da lankidetza politiko eraginkorra eta hitzezko aurkakotasuna uztartzeak ez digula inolako onurarik ekarriko. Egungo egoeran, helburu erregionalista hutsek ere eskatuko lukete, paradoxikoa badirudi ere, helburu eta printzipio nazionalei uko ez egitea.

Autonomia Estatutua itun baten fruitua dela esateagatik, zumarrak ez du garirik emango. Kontrakoa esaten duenik ere badago. Ahozko eta kanpoko botere-adierazpenek ez dute inolako garrantzirik; izan ere, soziologikoki, gertaerak berak dira garrantzitsuak. Ez dago errealitatea eta bakoitzak errealitate horri buruz duen bizipena beste epailerik. Itunak ez dira sinadurekin amaitzen; indar-harremanaren esparruan ezartzen dira lehenik. Euskaldunok ondo baino hobeto ikasita eduki behar genuke itunek eta hitzek zer balio duten Bergarako akordioa sinatu eta armak modu inozoan entregatu ondoren “besarkada” batekin zigilatu zutenentzat. Baina, zoritxarrez, gure gazteek darabiltzaten historia-testuen edukiak –horietako batzuk, euskaraz idatziak– Espainiako Hezkuntzako unean uneko ministroak onartzen ditu oraindik ere, eta, horrela, memoria historikoaren gabeziak babesgabe uzten gaitu gertaerak errepikatzen direnean. Horri deitzen diote batzuek “hezkuntzaren arloko transferentziak”.

Editorearen oharra:

Testu honetan espainiar inperialismoaz esan eta ondoriozta daitekeena zuzen-zuzenean aplika dakioke frantziar inperialismoari.