Skip to main content
Artikuluak

BATU, INDARTU, ASKATU

By 13 abuztua, 2020No Comments

Aurten ere, Askatasunaren Eguna gogoratuko dugu abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen; Herria batu, Nafar Estatua indartu, euskaldunon lurraldea askatu izango da aurtengo leloa.

Herri baten historia ez da albo batera utz daitekeen kontu hutsala. “Historia errepikatu egiten dela diote; egia esan, haren ikasgaiak ez dira aprobetxatzen”, dio Camile Séeren esaldi batek.

Euskal Herria ez da salbuespena: historiak erakusten digu garai batean libre izan ginela eta indarrez lapurtu zigutela gure askatasuna. Ikasgai horrek elikatzen du gure herriak izan beharko lukeen berezko independentzia lortzeko grina.

778. urteko egun handi hartan, gure arbasoek herri librea izateko hautua egin zuten, garaipen militar garrantzitsua erdietsi zuten Orreagan.

Oso epe laburrean (urte batzuk baino ez), askatasun hori mantentzeko antolakuntza politiko propio bat eratu zuten: Iruñeko Erresuma, beranduago Nafarroako Erresuma izango zena, garai hartako instituziorik gorena, gaurko estatu-egituren parekoa.

Zazpi mende eta erdi iraun zuen gure askatasunak, 1512. urtean gaztelarren inbasio militar bortitz baten bidez galtzen hasi eta 1620an frantsesek prozesu hori erabat bukatu zuten arte. Ez zen, ez, noski, zori txarra izan hondamendi haren eragilea: autore konkretuak izan ziren krimen haren egileak.

Lauzpabost mende daramatzagu estatu inperialista haien menpe; askatasunean igaro genituenak baino gutxiago, hala ere.

Gure historia ezagutzeak ematen digu, batetik, gure arbasoek lortutako askatasuna berreskuratzeko grina, eta, bestetik, haien erresistentzia geure egiteko indarra.

Indarra, bai, eta indarra batasunarekin soilik lortzen da, herriaren batasunarekin, helburu estrategiko bakarra duen batasunarekin, helburu goren batek (independentziak) eragiten duen batasunarekin. Funtsezkoa da, beraz, herria batzea.

Helburu bakarreko batasuna lortu ondoren, askatasunerako bidea, estrategia definitu beharko dugu: gure estatua indartu behar dugu horretarako. Estaturik izan ez duten herriek ere askatasunean bizitzeko eskubide osoa dute, noski, baina munduan ez da aurretik Estatua izanik horri uko egin dionik, nahiz eta menperatua izan. Azken adibidea Baltikoko estatuetan dugu: Sobietar Batasunak irentsi aurretik zituzten estatuen jarraitutasunean oinarriturik berreskuratu zuten independentzia.

Horra hor gure askatasuna berreskuratzeko estrategiarako adibidea. Guk ere estatu bat dugu, besteek bahitua bada ere: inoiz uko egin ez diogun Nafarroako Estatua. Ezin dugu indargune hori alboratu; Estatuaren organo eta funtzio guztiak bermatzen joan behar dugu. Hori ez dugu inoiz lortuko etsaien sistemek gure lurraldean ezarritako instituzioen bidez; gure instituzio propioak sortzen goazen heinean ariko gara gure estatua indartzen.

Herri honen erresistentziak ez du etenik, kate horri esker iritsi gara honaino. Gure arbasoei eta ondorengoei zor diegunarengatik eta haiek transmititu digutenari esker bizi gara erresistentzian. Askatasun nazionala lortzeko borroka eta herrien iraupena gauza bera dira, giza duintasunaren eta norbanako-eskubideen aldeko borroka.

“Herriak ez dira inoiz errenditzen, hori eragozteko indarra badute; ez dituzte inoiz onartzen eraso- eta konkista-eskubideak. Herriek existitzen direlako irauten dute, irauten dutelako existitzen dira. Bere erresistentziak berak bihurtzen du herri bat identifikagarri erasoaren, okupazioaren eta terrorismo inperialistaren pean” (Iparla).

Baina erresistentzia antolatu egin behar da eta lidergo bat behar du, askatasun nazionala lortu nahi badugu. Antolakuntza eta lidergorik gabe, gehiago edo gutxiago iraungo du, baina ez du bere helburua lortuko, desagertu egingo da.

Herria batu eta Nafar Estatua indartu, bai, baina aurtengo leloaren hirugarren hankari ere erreparatu behar diogu: euskaldunon lurraldea askatu. Badakigu zein den gure lurraldea, gure arbasoek landu duten eta bestek armen bidez eta bortizki kendu diguten lurraldea. Ezin dugu amore eman eta beste batzuen eskuetan eta kontrolpean utzi; defendatu egin behar dugu.

Horretarako, ezinbestekoa da ongi barneratzea lurralde hau osotasun batean dela gurea eta ez dela beste inoren zati, eta tinko mantentzea horretan, munduko gainontzeko herriek egiten duten bezala. Orduan hasiko gara geure buruari galderak egiten eta galdera horien erantzunen bila: zer egiten dute hemen beste herri batzuetako armadek eta instituzioek?, zergatik dugu zatitua gure lurraldea, eta zergatik hainbeste muga eta oztopo herri bakar bezala bizi ahal izateko?, zergatik ez dira hemen euskara eta euskal kultura hizkuntza eta kultura hegemonikoak? zer dela eta onartu behar dugu egoera hori aniztasunaren izenean?, non gehiago gertatzen da hori?

Herriak gizatalde antolatuak dira, beren nortasunaz berehala jabetuak, erabilera esklusibokotzat jotzen duten lurralde bati atxikiak; kanpoko esku-sartzeak daudenean horiei erantzuteko premiak egiten ditu herri. Erantzun dezagun guk ere gure indar guztiekin: batu dezagun herria, indartu gure estatua eta defendatu gure lurraldea. Abuztuaren 15ean ekitaldi politiko bat dugu Pasai Donibanen. Egizu bat gurekin!