Skip to main content
Artikuluak

NAFAR ESTATUA INDARTU

By 31 urria, 2020No Comments

“Geurean hartutako erabakiak, geurean ez eze, nazioartean ere halaxe manten daitezen –Frantziak behera bota ez ditzan, Espainiak behera bota ez ditzan-, horretarako, gure ESTATUA berreskuratu behar dugu; bere egitura eta erakunde guztiak eguneratuta, noski. NAFARROA: NAFAR ESTATUA.

Bada nazioartean “ex in iniuria ius non oritur” izeneko printzipioa: “ESKUBIDEA EZ DA INJUSTIZIATIK JAIOTZEN”. Printzipio honetan oinarrituta defenda daiteke estatu batek bizirik segitzen duela, baldin eta atxiki edo menperatu zuen estatuak modu ilegalean egin bazuen (injustiziaz).”

“Nafar estatua indartu”, hauxe da gaia eta hauxe da aurtengo leloaren esaldietako bat.

“Nafarroa” diogunean, Nafarroako Erresumatik datorren lurralde zabalaz ari gara, Nafarroa Garaia baino haratago doan LURRALDEAZ.

Baina “Nafarroa” diogunean, hizkuntza, kultura, bizitzaren ikuskera, iruditeria, historia eta abar luzea konpartitzen duen HERRIAZ ari gara.

Baina eta “Nafarroa” diogunean, Euskal Hirigune Elkargo batez eta bi autonomi erkidegoz gaindi dagoen GOBERNUAZ ari gara.

“Nafarroa” diogunean: lurraldeaz, herriaz eta gobernuaz ari gara: NAFAR ESTATUAZ, alegia.

“Nafarroa” diogunean diz-diz egiten digute begiek eta bete egiten zaigu ahoa. Maskarila edo musukoa gorabehera, akaso ez duzue ondo ikusiko baina halaxe da.

Bizitzarako oinarrizkoa den osasun arloan ere, COVID-19a dela eta, agerikoa da baldintzak, agintea eta azken hitza Espainiarenak direla hemen, nahiz eta osasun-eskumenak Eusko Jaurlaritzarenak edo Nafarroako Foru Gobernuarenak diren. Iparraldean ere argi geratu da agintea Frantziak duela (Euskal Hirigune Elkargoak ez du inongo osasun-eskumenik).

EZKIO eta ITSASO bi udalerritan bereizteko prozesua ontzat eman zuen Gipuzkoako Foru aldundiak, bere eskumena omen. Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi zuen bereizketa-prozesua, Itsasok ez duelako betetzen euren legeak ezarritako baldintza (gutxienez 5.000 biztante izatea). Kasu honetan ere eskumena geurea, baina baldintzak, agintea eta azken hitza Espainiarenak.

Eta horrela, ehundaka kasu. Nork nahi ditu horrelako eskumenak? Eskumen mugatuak? Zertarako balio digute? Hori al da autonomia?

Hori baino askozaz gehiago nahi dugu. “Nahi dugu” eta “behar dugu” GEURE HERRIA biziko bada: geure hizkuntza, geure kirola, geure nortasuna, geure baliabideak, … “geu” egiten gaituen hori guztia bermatzeko.

Geurean hartutako erabakiak, geurean ez eze, nazioartean ere halaxe manten daitezen –Frantziak behera bota ez ditzan, Espainiak behera bota ez ditzan-, horretarako, gure ESTATUA berreskuratu behar dugu; bere egitura eta erakunde guztiak eguneratuta, noski. NAFARROA: NAFAR ESTATUA.

Eta BERRESKURATU diot, estatu bat izan dugulako, eta dugulako; sekula ez baitiogu uko egin. Inbaditu egin dute, bortxaz, ustiatu, gerra-trofeo legez zatitu eta estatu azpiratzaileen artean banatu.

Egia da aspalditik gaudela egoera horretan, eta tik-tak, tik-tak, denborak gure kontra egiten du. Baina oraindik ere ASKATASUN GRINA daukagu, BIZIRIK gara eta badakigu bidea: NAFAR ESTATUA.

Bada nazioartean “ex in iniuria ius non oritur” izeneko printzipioa: “ESKUBIDEA EZ DA INJUSTIZIATIK JAIOTZEN”. Printzipio honetan oinarrituta defenda daiteke estatu batek bizirik segitzen duela, baldin eta atxiki edo menperatu zuen estatuak modu ilegalean egin bazuen (injustiziaz).

Adibidez, Austria, Polonia eta Txekoslobakia, Alemaniako Inperioak hartu zituen bere baitan II. Mundu Gerraren sasoian; irentsiak izan ziren epe horretan, militarki inbadituak, okupatuak. Baina “eskubidea ez da injustiziatik jaiotzen”: halaxe defendatu zuen nork bere estatua Alemaniar Inperioaren gainetik. Eta halaxe, onartuak izan ziren nazioartean,  beti hor izan balira bezala, okupatuak baina bizirik.

1940an, Sobietar Batasunean atxikitzean, Baltikoko estatuek (Estoniak, Letoniak eta Lituaniak) galdu egin zuten independentzia. 1990. hamarkadaren hasieran, aldiz, berreskuratu egin zuten, horixe argudiatuta: “eskubidea ez da injustiziatik jaiotzen”. Alegia, Sobietar Batasunak egindako anexioa edo atxikipena legezkoa ez zela izan argudiatuta. Eta halaxe, nazioarteak onartu egin zituen Estonia, Letonia eta Lituania, Sobietar Batasunak atxiki aurretik existitzen ziren estatu homonimoen jarraipen gisa.

“Eskubidea ez da injustiziatik jaiotzen”. Hau NAFARROA da: NAFAR ESTATUA.

 

Testu hau 2020ko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldia da.