Skip to main content
Artikuluak

Herri baten erresistentzia

By 8 abuztua, 2021No Comments

Aspaldi da gaurko egunez garaipen historiko bat lortu zuela gure herriak. Eta aspaldikoa da, baita ere, bortxaz menderatu gintuzten eguna. Mende asko iraun genuen libre, giltzapean daramatzagunak baino gehiago. Beste herri batzuek guk baino lehenago berreskuratu dute independentzia, baina horretarako denbora ez da agortzen: askatasuna lortzeko data ez da iraungitzen, ez behintzat herria existitzen den artean, erresistitzen duen artean. Dudarik gabe, horri esker iraun dugu gaur arte bizirik. Sinestezina bada ere, herri hau bizirik dago, egin zaizkion eraso eta genozidioen gainetik.

Harro egoteko modukoa da, bai, Euskal Herria existitzen dela ikustea. Baina herria etsirik dago, zatitua, eta ez du ikusten irtenbiderik. Izan ere, abertzaleak omen diren alderdi politikoetako buruzagitzak erabat etzanak eta otzanduak daude etsaien sisteman eta legedipean, eta hor ezinezkoa da askatasunerako bidea aurkitzea.

Altxa burua: euskal estatua gara! da aurten abuztuaren 15erako, Askatasun Egunerako aukeratu dugun leloa.

Altxa burua, bai, gu baikara garaipen hura lortu zutenen ondorengoak, eta ondorengo menderakuntzaren aurka borrokatu ziren haien guztien jarraipena.

Aipamen berezi bat merezi du IƱaki Aginagak, berriki joan baitzaigu: erresistentziak galdu duen azken katebegia izan da, eta berari zor diogu gure arrazoinamendu politikoa. Doazkiola hemendik gure esker ona eta ziurtapen bat: gure artean mantenduko dela bera eta beraren ideologia.

Ezin dugu hautsi kate hori eta arriskuan ipini herri honen existentzia bera. Gure aurrekoei zor diegu, eta ondorengoei herri bizi bat utzi behar diegu.

Indargune baliotsu bat dugu: euskal estatua gara. Inoiz ez diogu uko egin eta, beraz, indarrean dugu, bahitua badute ere. Ideia indartsu horrek lagundu behar digu, eta lagunduko digu, askatasuna lortzeko beharrezkoak diren hiru baldintza betetzen: lehenik, okupaziopean bizi garela ohartzea; bigarrenik, Euskal Herria gaur bizirik dagoela eta hori mota ezberdinetako eta garai guztietako erresistentziak lortu duela barneratzea, eta, azkenik, erresistentzia hori antolatuz soilik lortuko dugula hain maite dugun askatasuna.

Altxa burua: euskal estatua gara!