Skip to main content
Artikuluak

ASKATASUNA, BIZITZEKO GRINA

By 20 urria, 2021No Comments

Oraingoan ere, 2021eko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldietako bat dakargu ondorengo lerro hauetara: “Askatasuna, bizitzeko grina”.

Egun on. Eskerrik asko hor izateagatik.

Aurretik hitz egin dutenek ere esan dute zertara etorri garen hona: gure arbaso haiek Orreagan egin zuten balentria hura ospatzera, oroitzera, eta horren bitartez indar pixka bat hartzera ere esango nuke.

Karlomagnoren gudarostearen atzealdeari eraso ziotenean, gure arbaso haiek ez zeuden inora joanak, ez zeuden beste inoren lurraldeak konkistatzera joanak. Ez, Karlomagno ari zen horretan. Karlomagno zen inperialista. Gure arbasoak beren lurra (gure lurra) defendatzen ari ziren.

Orreaga inguruetan Errolan hil zutenean, baskoi haiek, gure aurreko euskaldun haiek, ez zeuden inora joanak beste herriren bat mendean hartzera. Ez, Karlomagno inperialista ari zen horretan. Gure arbasoek orduan zuten independentzia defendatzea zuten xede, beren askatasunaren (gure askatasunaren) alde ari ziren Karlomagno inperialistaren erasoen aurka. Azken batez, Orreagako heroi haien ahalegina autodeterminazio ekintza bat besterik ez zen izan.

Askatasuna, independentzia, autodeterminazioa, esangura sakoneko kontzeptuak aipatu ditut. Hirurak elkarri erabat lotuak: zer askatasun dugu independentziarik gabe?, zer independentzia autodeterminaziorik gabe?, zer autodeterminazio askatasunik gabe?

Askatasuna ez da eskoletan irakatsi edo ikasi daitekeen zerbait. Ikasteko kontua balitz, ahaztu ere egin ahal izango genuke. Ez, askatasuna hori baino askoz ere kontu sakonagoa da. Nik esango nuke sentimendu bat ere ez dela; sentimenduak baino errotuago dago gugan askatasuna.

Bizidunok, denok dugu bizitzeko grina. Denok ikusi ditugu loretxoak, hor, harri tartean, pentsarazi digutenak: honek nola lortu du hemen bizitzea? Bizidunak bizitzeko grina duelako berezko.

Animaliak ere –eta gu zer gara, ba?–, animaliak ere bizitzeko grina hori dugu, baldintza latzenetan ere, errenditu gabe. Baina ez da bizitzeko grina hutsa, ez. Grina hori aske bizitzeko grina da. Askatasuna gure zelula bakoitzean errotuta dago. Askatasuna sentimenduak edo arrazionalizatu daitekeen beste edozer baino askoz ere sakonagoa, indartsuagoa eta garrantzitsuagoa da.

Horregatik da hain zaila herri bat menderatzea; ez baldin badituzu herrikide guztiak hiltzen behintzat, eta makinatxo bat inperialistak egin du hori makinatxo bat herrirekin. Baina, bestela, herri bat menderatzea zaila da. Zergatik? Azken batez, askatasuna ez delako pertsonak bere soiltasunean baliatu dezakeen zerbait. Ez, ez, denok gara herri batean sortuak, eta askatasuna garatu dezakegu soil-soilik herri horren kide garen neurrian. Ez dago Tarzanik. Hori nobela baterako ongi da; ez, ordea, bizitzarako. Denok gara herri batean sortuak, eta herri baten kide garen neurrian izan gaitezke pertsona libreak, balia dezakegu askatasuna, beste inolaz ere ez. Horregatik da zaila herri bat menderatzea. Norberaren askatasuna eta norberaren herriarena gauza bera dira. Horregatik borrokatu ziren gure arbasoak askatasunaren alde.

Ordea, herria engainatzea —eta hori da desagerrarazteko lehenengo urratsa— ez da hain zaila. Eta gure herrian makinatxo bat jende bizi da engainatua. Inperialistek dute propaganda egiteko makina, eta bertako burokrazia kolaborazionistaren eskutik engainatu dituzte, bai, asko.

Eta aipatu ditudan askatasun, independentzia eta autodeterminazio kontzeptu sakonak beste hitz —ez kontzeptu— batzuez ordezkatu dituzte, hitz hutsal batzuez ordezkatu dituzte: aldebikotasuna, subiranotasun partekatua, erabakitzeko eskubidea eta buruan dituzuen horrelako beste hitz hutsal alferrikakoak. Denak ere gauza bera esan nahi dutenak: onartzen dugu gure zapaltzaileen mendean bizitzea.

Gu ez, ordea! Gu ez gaituzte engainatu! Ezta engainatuko ere! Gugan Orreagan borrokatu ziren haien espiritua da. Ezagutzen dugu ondotxo gure historia, eta Obanosko Infantzoiekin hementxe gaude esanaz gu gens librea garela. Jakin bezate espainiar eta frantziar inperialistek emakume eta gizakume libreak dituztela aurrean.

Beren (eta gure) askatasunagatik borrokatu ziren Orreagako erraldoi haiek merezi dute, baita etorkizuneko euskaldunek ere. Beraz, altxa dezagun burua eta borroka gaitezen independentziaren alde.

Altxa burua!