Skip to main content
Artikuluak

HERRI BATEN ERRESISTENTZIA

By 11 azaroa, 202116 azaroa, 2022No Comments

Euskal politikaren maisuak esan zuenez,

Herri bat existitzen da erresistitzen duenez.

Eta erresistitzen duen bitartean da existitzen.

Gainontzean hila da herri hori,

Ez dio axolako gehiago inori.

Saia gaitezen bada hori ekiditen.

 

Beste handi batek moldatu zuen esaldia, esanez

(eta hura bizirik da, zorionez)

herri-existentzia da erresistentzia

Eta euskal herria bada, oraingoz behintzat

Nahiz eta bi potentzia izan etsaitzat,

ez zaigu iritsi azken sententzia.

 

Batzuek nahi dute egin hilarri bat esaten duena:

Hemen datza herri bat izan zena

Baina gu ez gaude amore emateko

Horregatik diogu “altxa burua”

Bizitza da gure hautua

Dena dugu irabazteko.

 

Altxa burua, zeren gehiegi makurtzean,

Burua sobera jaisten dugunean,

Ipurdia dugu erakusten.

Okupaziopean gaituzte, bai.

Baina gure aukeraren zain.

Otzan izateari utzi eta hasiak oldartzen.

 

Ez dugu behar heroirik,

ez eta martiririk.

Duintasuna berreskuratu nahi dugu.

Eta horretarako ez da beharrezkoa magia,

Baizik eta ongi diseinaturiko estrategia.

Eskerrak bihotzez, Iñaki, gogoan zaitugu.

 

Zorretan da herri hau zurekin,

Bai eta beste askorekin.

Kitatzeko erarik onena litzateke independentzia

Zuok erakutsitako bidea urratu

Horretarako gara prestatu,

Abian da euskal erresistentzia.

 

Gu ez gara estaturik gabeko herria,

Hori esaten duenak egiten du akats larria.

Guk ukan genuen estatua: Nafarroa edo Nabarra

Hari sekula egin ez diogunez uko

Bere zilegitasuna ez da galduko.

Gurekin da arrazoiaren indarra.

 

Indarraren arrazoia zaigu falta,

Hura dute soberan etsaiek alta.

Ostrukarena egiteak ez gaitu laguntzen

Hobe dugu errealitate gordinari begiratu

Eta esklabo alaien ametsekin bukatu.

Horrela hasiko gara askatzen.

 

Bizitzari begiratzeko betaurreko hilgarriak ditugu soinean,

Burua altxako badugu kendu beharrekoak ezinbestean.

Betaurrekoak aldatuta, zama arindu eta bidea argitu,

Eta bidea egiteko indarra eta sormena lortuko,

Barne pozoia bota, duintasuna berreskuratuko.

Iruzurrean erori ezean herria ezin da suntsitu.

 

Bertso sorta hau 2021eko Askatasunaren egunerako, abuztuaren 15erako, izan zen sortua. Aurrekoa bezala, hau ere poesia politikoa dela esan daiteke.