Skip to main content
Artikuluak

ABUZTUAK 15, ASKATASUNAREN EGUNA

By 16 abuztua, 2018No Comments

ORREAGAk urtero abuztuaren 15ean Pasai Donibanen antolatzen duen ekitaldi politikoa, urtetik urtera, gero eta jendetsuagoa da. Izan ere, eduki politikoaren ikuspegitik, antolatzen diren ekitaldi mamitsuenetako bat da, eta aurten ere mezu mamitsua zabaldu da, berriketarik gabekoa.Herriak bizi behar du: egin dezagun aberri bidea izan da aurtengo ekitaldiaren leloa.

Pasai Donibaneko santutxoan hasi da ekitaldia. Lehenengo hizlariak nabarmendu du bertako jendea Orreagara joan zela Karlomagnoren aurka gerra egitera eta garaitu egin zuela. Halaxe dago idatzita santutxoan bertan.

“Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu ziren, herri kontzientziak bultzatuta. Herri kontzientzia hori, zapalkuntzak zapalkuntza, bizirik dago, baina indartu beharra dago, independentziarako desioarekin batera. Herri bat ezin da bizi besteren mendean, eta herri etsaien instituzioetan ez dugu aurkituko askatasunaren bidea,ez eta bakea ere. Ideia horiek barneratzeak erresistentzian bizitzea dakar. Hor, historia dugu indarguneetako bat: estatu bat izan genuen eta ez diogu uko egin”.

“Bakoitzak bere lanean eta etxean egunero euskal naziotasuna duen herritar gisa funtzionatuz gero eta norbanakoaren borroka babestu eta ordezkatuko duen instituzio propio bat sortuz gerogaratuko da herri hau herri gisa”. ORREAGA instituzio hori sortzeko prest azaldu da, eta eskua luzatu diehorren alde direnei.

Bigarren hizlariak gogora ekarri ditu Orreagako guduaren garaitik hona gure lurraldearen independentziaren eta osotasunaren alde borrokatu zirenak, gure lurraldearen alde eta hura berreskuratzeko borrokatu eta hil diren gudari guztiak eta herria askatzeko borroka politikoan sutsuki jardun direnak.Haien omenez, lore sorta utzi dute santutxoan, eta, bertaratutakoek, lore bana, Nafarroako Ereserkiaren doinua lagun.Ekitaldiko une hunkigarrienetako bat izan da.

Ondoren, hiru haurrek aurreskua dantzatu diete: bigarren une hunkigarria.

Santutxotik herriko plazara abiatu da jendea, txistulariei jarraituz. Han, plazan, bertsoekin ekin diote berriz ekitaldiari. Hirugarren une hunkigarria:

Doinua: Itsasoari begira

Bizirik iraun eta biziraun,
bestela irauten bizi.
Horiek izan dira guk jasan
ditugun hamaika krisi.
Espainia eta Frantzia dira
bi etsai ta bi minbizi,
baina herriak bizi behar du
haiek gabe lehendabizi,
Euskal Herria biziko bada
noizbait aske eta bizi.

Gure aurkako gerra zen hura,
gaur gure arteko guda.
Euskal Herria zatitu degu
eta ez digu ardura.
Hauteskundeen botere grinak
ze bide hartu ohi du, ba?
Herri zahar honen bide berria,
aberri bide modura,
berreskuratu dezagun behingoz
independentzi kultura.

 

Aurkezleak azaldu du Orreagako gertakizunak ez dakartzagula gogora harriak botatzen hasteko, subjektu politikoa izan gaitezkeela gogoratzeko baizik; eragile izan gaitezkeela eta ez pairatzaile soilak: “Sua bizirik dago”. Ondoren, azken bi hizlariei eman die hitza.

Hirugarren hizlariak gure aurrekoak eta haiek egindako lanaren garrantzia nabarmendu ditu, eta gu haien oinordeko garela eta harro eramango dugula haien lekukoa. “Haiei esker ikusi dugu askatasunerako bidea”, hark esan duenez, eta oker erabiltzen diren hainbat kontzeptu argitu ditu: autodeterminazioa, erreferenduma, aldebikotasuna, transbertsaltasuna, kontzertu ekonomikoa, inperialismoaren egitura eta erakundeak. Eta, ozen, aberri bidea egitera deitu du, herria bizi dadin.

Laugarren hizlariak, azkenik, aurrekoek bezala, hemen gaudela eta herri bat garela aldarrikatu du, eta herri honi egindako bidegabekeria guztiak salatu ditu, eta errudunak seinalatu, ondo bereiziz nor den nor, ondo bereiziz zapalduak eta zapaltzaileak, eta gezurrezko bizikidetza gaitzetsiz. Politikari profesionalen eta komunikabideen diskurtsoan izan den aldaketaere salatu du, eta egoeraren absurdoa agerian utzi. Bukatzeko, herri honek autodeterminatzeko eskubidea duela esan du, herri izate hutsagatik, eta nazioarteko legediak hala aitortzen duela.

Aurkezleak, berriz, esan du Euskal Herria ez daukagula saltzeko eta herria bizirik dagoela eta bizirik eutsi nahi diogula. “Horretarako, baina, Orreagaren iritziz, aberri bidea egin eta euskal estatu independentea antolatu beste aukerarik ez dugu”.

Hitzaldien ondoren, ekitaldira bildutakoek mutxikoak eta beste dantza batzuk dantzatu dituzte, Urbeltz anaiek zuzenduta. Gero eta gehiago dira hor ere parte-hartzaileak. Askatasunaren Eguneko beste une hunkigarri bat.

Azkenik, txistularien laguntzarekin, kantuan eta berriketan jardun dira ekitaldira bildutakoak, giro ezin hobean, eta mokadu bat egin dute plazan propio jarritako postuan eta materiala saltzeko mahaiaren inguruan. Egun gogoangarria eta bihotz-altxagarria, inondik ere.