Skip to main content
Artikuluak

AUTODETERMINAZIOA

By 3 urria, 2020No Comments

“Herriek, beren kabuz eta askatasunez, beren herria zuzentzeko zein gobernu era nahi duten eta zein estatu eredu nahi duten aukeratzeko duten eskubidea.”

Orreagan, 778ko abuztuaren 15ean, bi herriren arteko borroka izan zen. Alde batean, lurraldeak konkistatzen zituen herri bat zegoen, frankoa; beste aldean, berriz, bere lurraldea defendatu nahi zuen Euskal Herria.

Karlo Magno buru zuen armada 20000 soldaduz osatutakoa zenez, borroka hura ez zen makala izango. Guda hartan izan ziren euskaldunak harri batzuk bota zituzten artzain talde bat zirela,eta horrelako txatxukeriak idatzi izan dira, baina argi dago ejerzito antolatu batean borrokatu zirela eta indarra eta estrategia erabili zituztela frankoak garaitzeko. Nola, bestela? Aske zen herriak aske izaten jarraitu nahi zuelako, eraso egin ziotenean, autodeterminazioz erantzun zion etsaiari. Zerbait erakutsi ziguten gure arbasoek.

Baina etor gaitezen 2020. urtera. Autodeterminazioa, zientzia politikoetan eta nazioarteko zuzenbidean eskubide bat da, herri menderatuak inperialismotik eta kolonialismotik babesteko, eta horrela dago jasota Nazio Batuen Gutunean 1945az geroztik.

Eta zehazki, zer da autodeterminazioa?

Ba…hauxe: Herriek beren kabuz eta askatasunez beren herria zuzentzeko zein gobernu era nahi duten eta zein estatu eredu nahi duten aukeratzeko duten eskubide bat, ESKUBIDE BAT! Herri guztiek duten eskubide bat!

Hemen herri bat dugunik ezin uka, ez dago zalantzarik ezta? Eta, ez nolanahiko herria gainera! Mendeetan erasotua, txikitua, zatitua eta zanpatua izan arren oraindik bizirik dagoena.

Beraz, badugu herria eta badugu eskubidea, eta ez gaitzatela nahas, eskubideak ez dira bozkatzen; demokratikoa, eskubideak errespetatzea da. Hementxe dago koxka! Herri bat zanpatua eta menderatua dagoenean, hor ez dago demokraziarik.

Baina, autodeterminazioaren definizioan eskubide hau nola gauzatu behar den ere esaten zaigu: herria bere kabuz eta askatasunez. Hau da, herria autodeterminatzeko, nolako gobernua izan nahi duen, nolako legeak, nolako nazioarteko harremanak, … azken finean, nolako estatua izan nahi duen erabakitzeko, aske izan behar du, independente; ezinbesteko baldintza da hau.

Hortaz, autodeterminazioa, independentzia eta askatasuna ezin dira bereizi.

Herriak askatasuna nahi duen ez du planteatu ere egiten. Nork egingo dio ba uko askatasunari? Eskubide bati? Zuek bai ala?

Gure arbasoek Orreagan egin zuten moduan, elkar batuz indartu gaitezen askatasuna lortzeko. Garaiko erasoei, garaiko erantzuna.

Testu hau 2020ko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldia da.