Skip to main content
Artikuluak

AUTODEFENTSA

By 10 urria, 2020No Comments

“Badira, adibidez, autosegregazioaren eta barne elkartasunaren bitartez gotortzen diren herriak. Badira borroka demografikoari ekiten dioten herriak, eta horrela indartzen direnak. Badira sektore ekonomiko konkretu batzuetan pisua hartu eta, horietatik eraginez, efektibitate politikoa lortzen duten herriak. Eta badira, nola ez, Estatu zapaltzaileen une ahulak aprobetxatu eta momentu batean, baldintza batzuetan, beraien estatu egiturak garatzen dituzten herriak.”

Jakingo duzuen bezala, biziraupen borroka printzipio biologiko bat da, izaki bizidun guztiok gaude borroka horretan murgilduak, eta baita gizakiok ere. Bizidun bakoitzak bere estrategiak eta bere moduak garatzen ditu irauteko.

Animalia asko bezala, gizakiok ere taldean batuz egiten dugu aurrera bizitzan. Herriak, oro har, giza taldeak diren heinean, guzti horren ondorio dira. Herriak, beraz, biziraupen borroka horretan, lehia horretan murgilduak daude beraien artean.

Zer gertatzen da herri batek uko egiten badio edo porrot egiten baldin badu lehia horretan? Bere patua, menderakuntza eta deuseztapena dela; izan ere, beste herri batek okupatuko du bere tokia.

Beraz, herrien helburua indar harreman horietan gailendu edo, behinik behin, irautea bada, herri ororen politikaren ekinbide nagusietako batek autodefentsa-indarrak garatu, bermatu eta kudeatzea behar luke ezinbestean.

Eta txanponaren ifrentzu bezala, herri zapaltzaileen ildo nagusietako batek herri azpiratuaren defentsa gaitasuna ezabatzea behar luke halabeharrez. Horrexegatik helarazten dizkigute etsaiek hain justu kontrako norabidean dauden mezuak etengabeki: pluralismoa, elkartasuna, adiskidetasuna, bakea, elkarrizketa, elkar-ulertzea, tolerantzia, erreferenduma, bozka, … irteerarik gabeko mundu-ulerkera desitxuratu eta antzuetara garamatzaten ideiak besterik ez dira hauek.

Hori ez da politika, hori da, herri zanpatua psikologikoki armagabetzeko teknika antzu eta baldar bat. Antza denez, eragin handia izan du azken hamarkadetan gure herriaren egoera ikusita.

Badira, ordea, horren zikiratuak izan ez diren herriak, eta herri horietan erreparatzen badugu, ohartzen gara nola herri bakoitzak garatzen dituen bere defentsa mekanismoak, eta ez dutela zertan indarrean oinarrituak egon. Badira, adibidez, autosegregazioaren eta barne elkartasunaren bitartez gotortzen diren herriak. Badira borroka demografikoari ekiten dioten herriak, eta horrela indartzen direnak. Badira sektore ekonomiko konkretu batzuetan pisua hartu eta horietatik eraginez, efektibitate politikoa lortzen duten herriak. Eta badira, nola ez, Estatu zapaltzaileen une ahulak aprobetxatu eta momentu batean, baldintza batzuetan, beraien estatu egiturak garatzen dituzten herriak.

Mila bide daude, eta guk ere, euskaldunok, gure bidea hartu beharko genuke; bide horietan ez gara hasiko inoiz ez baldin bagara ohartzen zenbait gauzez; alde batetik, politika ez dela arrazoiaren indarra, baizik eta indarraren arrazoia, horrela, gordin-gordin, eta, bestetik, autodeterminazio eskubidea ez dela eskubide izango sekula, ez baldin badugu bera defendatzeko gaitasunik.

Testu hau 2020ko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldia da.